Bakailao Astean izena emateko aukera dago

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 00:00
Bakailao Astearen aurkezpena, 2019an.

Urriaren 4tik 17ra izango da, eta irailaren 7a da izena emateko azken eguna.

Joan den urtean ezinezkoa izan zen Bakailao Astea antolatzea. Aurten, berriz, «egoerak ahalbidetzen badu», urriaren 4tik 17ra bitartean IXgarren edizioa izango da. Ekintza guztiak antolatuko ez direla aurreratu dute antolatzaileek, baina pintxo goxoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Aste berezi horretan parte hartu nahi dutenek irailaren 7a dute izena emateko azken eguna. Zehazki, herriko ostalariei luzatu diete deialdia. «Tabernei, pintxo lehiaketan parte hartzeko; eta jatetxeei, berriz, Bakailao Astean bakailao menu tematizatua eskaintzeko», azaldu dute. Izena emateko hauxe da bidea: turismo informazio puntura bertaratuta; 943 33 70 28 telefono zenbakira deituta; edo, bestela, turismoa@hernani.eus helbidera idatzita. Bazkideek, berriz, Berriak Elkartera deitu dezakete izena emateko: 943 33 20 49.

Bestalde, Udalak jakinarazi du momentuan indarrean dauden neurri guztiak «zorrotz» beteko direla: besteak beste, aforoa, kontsumoa barran, maskarillaren erabilera, eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!