«Esnearen prezioa igotzeko eskatzen dugu; azken urteotan ez da igoerarik izan, eta itota gaude»

Leire Goñi Iradi 2021ko abu. 24a, 00:00
Biharko mobilizazioaren publizitate kanpainako irudia: kazuela bat barruan esnea, gainezka.

ENBA eta EHNE sindikatuek antolatuta, mobilizazioa izango da bihar, esnearen eta esne sektorearen duintasunaren alde. 11:00etan abiatuko dira Urbiletik, traktoreetan eta kotxeetan, eta Hernanitik pasako dira. Aldarrikapena 12:30etan bukatuko dute, Galarretan, prentsaurreko batekin.  

Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA) eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatuek esnearen eta esne sektorearen aldeko mobilizazioa konbokatu dute biharko. Usurbilgo Urbil merkatal zentrotik abiatuko dira goizeko 11:00etan, eta Hernanitik pasata, Galarretan bukatuko dute aldarrikapena, eguerdiko 12:30etan. Ibilbidea traktoreekin egingo dute, baina kotxeak karabanara batu daitezkeela adierazi dute. Mobilizazioarekin, salatuko dutena da «esnearen prezioa oso baxua dela supermerkatuetan», azaldu du Iñaki Goenaga ENBAko lehendakariak.

«Baserriko produktuen egoera beti izan da txarra prezioaren aldetik. Baina azken 10 hilabeteotan, pentsuaren igoeragatik, argindarraren eta gasolinaren igoeragatik, eta bestelako faktoreengatik, ezinak gainezka egin digu», aipatu du Goenagak. Kepa Urreaga Agerre baserriko esnetako ganaduzaleak ere gauza bera dio: «momentuz behintzat, biharko mobilizazioaren arrazoia da esnearen igoerarik ez dela izan azkeneko urteotan. Abuztuan 2 xentimo igoko da, baina pentsuaren prezioa asko igo da eta gu gainezka gaude». Biek diote gastua ezberdina dela animalia talde bakoitzarentzat, «baina pentsuaren igoera, gutxi gorabehera, %25ekoa izan da azken urte honetan», dio Goenagak. «Urtero-urtero gastuak igotzen dira; baina esnearen prezioa, berriz, ez», salatu du Urreagak.


Eskatzen dena: gutxienez, 10 xentimoko igoera

Une honetan, eskatzen dutena da esne kaxa bakoitzaren prezioa 10 xentimo igotzea dendetan eta supermerkatuetan. «2015etik hona ez da igoerarik izan. Urte hartan,  0,60 euroko prezioa markatu zen, gutxienez, kaxa bakoitzeko. Baina hori ez da errespetatu, bi xentimo azpitik egon delako orain arte, gutxi gorabehera. Horregatik, guk eskatzen duguna da, gutxienez, 10 xentimo igotzea», helarazi du ENBAkoak. Alegia, litro bateko esne kaxa batek 70 xentimoko prezioa izatea dendan.

«Aurreko urtean, gure egoera zein zein jakitean, ministerioa hau guztia aztertzen hasi zen eta analisi edo azterketa bat egin zuen, 2020ko urria bitartean», esan du Goenagak.  «Informea orain argitaratu da eta horren esanetan, esnearen prezioak aipatutako igoera hori izan behar du, inor galeran ez ateratzeko», jarraitu du. Dena den, hori guztia oraingo kontua ez dela dio sindikatuko lehendakariak. «Aspaldi salatu genuen esnezaleok oso justu eta ezinean genbiltzala. Prezioak igo beharra zeudela esan genuen behin eta berriz, eta inork ez zigun kasu egin», dio.

Edonola ere, ezer gutxi aurreratu dela dio Kepak: «Espainian bilera asko egin dira eta zehaztu dute esnea ezin dela hain merke saldu. Hala ere, supermerkatu bakoitzak nahi duena egiten du. Batak besteari botatzen dio errua, eta esaten dute besteek ez badute prezioa igotzen beraiek ere ezin dutela igo».

Mobilizazioak 2020ko hasieran hasi ziren. «Momentu horretan izan zen aukera gobernuak eta distribuzioak esnearen prezioa aztertzeko. Baina koronabirusak guztia bertan behera utzi zuen; eta ordura arte egindako aurrerapenak Covid-19ak zapuztu zituen. Hori gutxi balitz, esan bezala, urrian pentsuaren prezioa izugarri hasi zen igotzen», jakinarazi du Goenagak.  «Horrek guztiak ekarri du gu kalera ateratzera. Badakigu beste hainbat sektoretan egoera ez dela ona, baina gu ito aurretik, hau guztia salatu behar dugu».


«Supermerkatuak ez dira errudun bakarrak»

Kepak eta Iñakik esnearen prezioa igo beharra dagoela diote, eta horren ardura distribuzioek edo supermerkatuek dutela arrazoitu dute. «Supermerkatuetan, marka txuriko esnea oso merke dago. Jendea biltzeagatik, askoz merkeagoa jartzen dute», azaldu du Agerre baserrikoak. «Horrenbestez, denda haundiek esnea oso merke saltzen badute, oso zaila da enpresari behar den moduan ordaintzea; eta, beraz, gero enpresak gutxi ordaintzen digu guri», kontatu du Urreagak. «Gure kasuan, Iparlat dago. Enpresak saltzen duen %80 Mercadonak erosten du, Hacendado markarako. Horregatik, Mercadonak eskutik helduta dio Iparlati, eta nahi duena egiten du. Abuztuan izango den igoera hau ere da Mercadonak esnea bi xentimo igo duelako, eta berak agindu diolako Iparlati baserritarrei igoera hori aplikatzea». Hitz gutxitan esateko, Mercadonak Iparlati esaten badio hemendik aurrera esnea beste bati erosiko diot… Ba, akabo, Iparlat soilik %20arekin geldituko da. Kooperatiba bateko kide garen arren, eta nahiz eta kooperatiba hori Iparlateko kide izan, konturatzen gara agintzen duena dela, kasu honetan, Mercadona. Eta beste kasu kasuetan, beste supermerkatuek, baina beti beraiek».

Dena den, supermerkatuak errudun bakarrak ez direla diote biek: «hau kate bat da». Enpresek ere «gauzak hobeto» egin ditzaketela uste du Kepak. «Gu prest gaude, gero kopuruak adosten badira, 10 xentimoko igoera hori guregana osorik etorri gabe, zati bat besteei ematea. Gainera, badakigu distribuzioak ez duela irabazirik izaten esne horrekin; eta, are gehiago, galerak izaten dituztela. Hala eta guztiz ere, beste produktu batzuekin horko galerak gainditzen dituzte.  Horrez gain, industrian ere esne txuria edo basekoa ez da egiten; aitzitik, beste produktu batzuk elaboratzen dira. Horregatik, hor galtzen dutena beste alde batetik errekuperatu dezakete. Baserritarrok, ordea, ezin dugu hori egin. Prezio berean saltzen dugu esnea eta ez dugu beste produkturik galerei aurre egiteko», kontatu du Iñakik.

Horregatik guztiagatik, 10 xentimoko igoera hori baserritarrentzat «arnasgunea» izango litzatekela aitortu du Iñakik. «Gero ere, hitz egiten jarraitu beharko genuke; baina oraingoz, behintzat, egoera hobetzen lagunduko liguke igoera horrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!