Zatoa bizkarrean eta ogitartekoak eskuetan, 50 urte igaro dira bost hernaniarrek Mont Blanc mendia igo zutenetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 19a, 00:00

Antton Garin ezkerrean, Joxe Mari Larretxea ondoan, erdian J.M. Garcia , Xabier Egia eta Joxe Mari Imaz eskuinean. Mont Blanc 4.807

50 urte igaro dira, Mendiriz Mendi taldeko bost hernaniarrek Mont Blanc-eko gailurra jo zutenetik, eta pasarte ederrak kontatu dizkio Kronikari, mendizaleetako batek. 1971.urtea zen, bost lagun bildu eta  Mont Blanc igotzeko kemenak batu zituzten. Bi autotan joan ziren Alpeetara, garai haietako 850 Seatetan, hain justu. Hernaniko Azurmendi tabernak emandako ardoz betetako zatoa bizkarrean hartu eta ogitartekoekin, Mont Blanc mendia igo zuten: «Adarrara joango bagina bezala, Mont Blanc igo genuen». Gailurrera heldu bezain pronto, zatoa ireki, eta ardo tragoarekin batera, ogitartekoak jan zituzten tontorrean zeudela ospatzeko.

Igo bezala, jaitsi ere egin ziren. «Pozez zoratzen geunden Mont Blanc igo genuelako, eta hori ospatu beharra geneukan». Behera jaistean, asmoa zuten, bertako ostatu edo taberna batean bapo afaltzeko, indarrak hartzeko. Baina ezusteko batekin egin zuten topo; itxita zegoen dena. Hori kontutan izanik, soinean zituzten soberakinekin moldatu ziren. «Pozez geundenez, ez zuen axola izan momentuko miseriak». 
Gaur egun oraindik emozioz oroitzen dute  Mont Blanc-eko igoera Hernaniko mendizaleek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!