Iñigo Legorburu garaile, 'Bertsolari' aldizkariaren I. Bertso idatzien lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 19a, 00:00

Iñigo Legorburu 'Bertsolari' aldizkaria eskuetan duela eta alboan, semea.

'Bularretik mintzo' sortarekin nagusitu da Iñigo Legorburu. Bertso sarituak, gainera, irakurgai daude 'Bertsolari' aldizkariaren udako alean.

Aurten Bertsolari aldizkariak 30. urteurrena betetzen duela eta, data hori baliatu dute bertso paper lehiaketa antolatzeko. Guztira, 16 lan aurkeztu dira helduen mailan eta  Iñigo Legorburu hernaniarra gailendu da Bularretik mintzo sortarekin. Bertso sarituak, irakurgai daude Bertsolari aldizkariaren udako alean.

Lehiaketako baldintzen artean, bertso sortak 3 bertsoz osatuta behar zuen gehienez; eta gaia eta doinua libreak ziren. Legorburuk dio ohituta dagoela zortzi edo bertso gehiagoko formatuetan aritzera; «baina argi neukan, kasu honetan, bertso txapelketako kartzelako gaiaren antzeko zerbait egin behar nuela, hiru bertsorekin, emozioak azken unera arte mantenduta». Horretarako, ama eta alaba nerabe baten harremanean oinarritu du lana Legorburuk, eta honakoa azaldu du: «irakurleak, trama jarraitzeko arazorik ez du izango, baina azken bertsoko erdira arte ez du guztiz ulertzen nondik norakoa».

Horrez gain, minbiziaren presentzia gailentzen da, «beti ere esperientziari lotuta», dio hernaniarrak. Bi pertsonaiek bizi duten egoera gogorra eta aldrebesa den arren, Legorbururen ustez «egunerokoa ari da bilakatzen zoritxarrez, batez ere adin batetik gora».

Doinua ere, berezia aukeratu du idazleak: Xabier Leteren Amaren bularra, hain justu. Beste hainbatetan ere erabili izan du, eta oso emaitza onak lortu ditu. Egilearen hitzetan, «doinu iradokitzailea eta intimista da, berez sehaska kanta dena. Goxoa eta narratibarentzat ongi zetorkidana, nahiz eta neurri txikiko 7-6 formatu horrek eta 8 errimaz osatu beharreko bertsoak mugitzen ninduen», azaldu du.

«Oso pozik eta harro» dago Legorburu, azken lehiaketa honetan lortutako emaitzarekin. Izan ere, Bertsolari aldizkarikoek «zabalkundea izango duela agindu digute sarituei: batetik, Oskar Estanga nafar bertsolariak musikatu egingo ditu, gero sare sozialetan eta interneten zabaltzeko, podcast eta YouTubeko kanalen bidez. Eta, bestetik, bertsoaren inguruko portaletan irakurgai egongo direla ere uste dut».

Legorburuk garrantzia ematen dio bertso idatzien zabalkundeari eta honakoa azaldu du; «oraingoz ez gara asmatzen ari. Nire iritziz, bertsoa gaur egungo komunikazio moduetara bikain egokitzen da, azkarra eta barneratzen nahiko erraza da. Gainera, haietako askok gai sozialak eta denoi eragiten dizkigutenak ikutzen dituzte eta horrek, oso hurbilekoak bihurtzen ditu».

Epaile modura, Ekaitz Goikoetxea, Eli Pagola eta Mikel Mendizabal jardun dira. Legorburuk, irabazle gisa, Getariako Kabian apartamentuetan gau bateko estantzia irabazi du, bi laguntzentzat. Elkano Scaperoomerako bi sarrera ere lortu ditu eta horrez gain, Ternuaren kamiseta bat.    

'Bularretik mintzo'. Doinua: 'Amaren bularra' (Xabier Lete)

Hitzartuta bezala,

ilunabarrean

aspaldiko promesa

baten aparrean

hasi da abentura…

diot marmarrean

nerabea zarela

ahaztu xamarrean.

Estrainekoz, eskutik

estilo zaharrean

nerbioek barrutik

gu jan beharrean…

Normaltasun eria

denez indarrean

zenbat lehenengo aldi,

aldi bakarrean!

Eritasuna gaixo

jarri bitartean

konplize izatera

garamatzate han.

Ileapaindegiko

eskaparatean

diozu ezin gara

gelditu atean!

Ziurtasunez niri

hori esatean

esperantza piztu da

nire aldartean…

Harrotasunez bete

nauzu bat-batean

zu zarenaren zati

biok izatean.

 

Emozioz dardarka

daukazu kokotza

baina ausarki moztu

dizute mototsa:

Ama, bizi duzuna

gaur ez zait arrotza,

zure ile-ordea

jada ez da motza!

Kimio, goragale

ta beldur bakoitza

urrun nabari ditut,

urrun heriotza!

Hil ordez, ile-orde…

ta akabo lotsa!

Bularraren ordezko

dut zure bihotza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!