«Oso pozik nago lortutakoarekin, hala ere, taldeak meritu haundia dauka»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 17a, 00:00

Miren Garmendia izendatu dute, 2021eko Eusko Tren Ligako patroi onena.

Eusko Tren Ligako patroia izendatu zuten Miren Garmendia hernaniarra igandean. Hori horrela, Kronikari kontatu dizkio bizitakoak eta oraindik  gelditzen zaizkionak. 

Pasa den igandean eman zitzaion amaiera Eusko Tren Ligari, eta bi protagonista nagusitu ziren. Alde batetik, Donostia Arraun Lagunak, Eusko Tren Ligako irabazleak eta beste alde batetik, Miren Garmendia. Izan ere, hernaniarrak Eusko Tren Ligako patroi onenaren lekukoa eutsi zuen igandean. Berak dio oso-oso pozik dagoela lortutakoarekin; baina adierazi du ez dela bere meritua bakarrik izan; «badirudi lorpen hau indibiduala dela, baina talde guztiari esker lortu dut. Nire debuta izan da Eusko Tren Ligan, eta beti amestu izan dut maillot naranjarekin. Ez nuena espero zen lehenengo urtean lortzea eta horregatik oso pozik nago». 

Pasa den astean Miren Garmendiak, patroien sailkapeneko lehen postuari eutsi zion 18 punturekin. Azken bi estropadekin, 6 puntu irabazi zituen, 3 larunbatean eta beste 3 igandean. Guztira 24 puntu zituen, eta ondorioz, Eusko Tren Ligako Patroi onenaren saria irabazi zuen. Bigarren postuan, Nadeth Agirre gelditu zen 19 punturekin. Hirugarren, Andrea Astudillo 17 punturekin. 11 punturekin laugarrena gelditu zen Nerea Perez eta puntu bakarrarekin bostgarren postuan, Natalia Tubio.

Hernaniarraren lorpenak 
Mirenek argi dio, Eusko Tren Ligan parte hartzea txikitatik zetorkion ametsa zela, eta egi bihurtu du. Baina ez da lorpen bakarra izan; «Hernanirekin, Ibaikako bandera bat lortu genuen, Ligan. Kontxara ere sartu ginen eta hori izugarrizkoa izan zen. Baina bestela, izandako lorpen haundiena da hau bai, patroiarena». 

Hernaniarra bada ere, Hondarribiko patroia da Miren gaur egun, eta urte bete besterik ez darama taldeko kide izaten; «Hondarribin, 2020eko Liga amaieran hasi nintzen, esku bat botatzeko asmotan sartu nintzen taldera. Era berean, aurten izan dut aukera bertako patroi titularra izateko, eta eskertzekoa da». 

«Bisibilitate asko eman diogu emakumezkoen estropadei»



Aurtengo Eusko Tren Ligan gainontzeko urteetan baina maila gehiago erakutsi da, eta Mirenek dio pausu haundi bat eman dutela; «oso positiboa izan da urte honetako liga, izan ere, bisibilitate asko eman diogu emakumezkoen estropadei. Ikusi da bai ikus entzuleentzat, zaleentzat eta bai guretzat, maila oso parekatua erakutsi dugula. Hor dago pausua, oso berdintsua izan da. Gainontzeko urteetan gehiago nabaritzen zen maila edo nork irabaziko zuen argi zegoen. Aurtengoan ez da horrela izan, maila bikaina erakutsi dute, denek». 

Hemendik aurrera, «lanean jarraitu» 
Miren Garmendiak dio etorkizun hurbil batean zentratuko dela, eta jakinarazi du helburua Kontxa dela; «eta horretarako  buru belarri entrenatzen jarraitu behar dugu. Gainera, Eusko Tren Ligan laugarren gelditu gara, eta playoffa jokatu beharko dugu Kontxa ostean. Baina gure helburua oraintxe Eusko Tren ligan mantentzea da, playoffa irabazi eta horrekin jarraitzea».   

«Hernanin eman nituen nire lehen pausuak eta asko ikasi nuen»



Azkenik, Mirenek Hernaniko Arraun Elkartea ekarri  nahi izan du gogora, eta dio «asko» daukala eskertzeko, izan ere; «bertan hasi nituen nire lehen pausuak eta asko ikasi nuen».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!