Dagoeneko ekin diote aurredenboraldiari zenbait futbol taldek, eta lagunartekoak jokatu dituzte asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 16a, 00:00

Guztira, lau partidu izan dituzte hernaniarrek, Zubipen eta etxetik kanpo. Aste honetan ere norgehiagoka gehiago izango dituzte berdeek.

Abuztuarekin batera, pixkanaka martxa hartzen hasteko helburuz, Hernaniko futbol taldeek aurredenboraldiari ekin diote.  Nagusienak itzuli dira zelaira; gazteenak, berriz, bi edo hiru aste gehiago egongo dira oporretan, zelaira itzuli aurretik.

Eta entrenamenduez gain, lagunartekoak ere izan dituzte hernaniarrek. Hain justu, asteburu honetan lau taldek jokatu dituzte partiduak. Emaitza gazi-gozoak ikusi dira, denek ez dutelako garaipena lortu. Zehazki, lau norgehiagokatik bi irabazi dituzte berdeek. Baina denboraldia hasi aurretik denbora dute oraindik, entrenatzen jarraitu eta lehiaketa topera hasteko.

Ohorezko Kadeteen mailako taldeak Rezola zelaian jokatu zuen, eta 6-0 galdu zuen Añorgaren kontra. Jubenilen Ohorezko mailako mutilek, aldiz, Hondarribiaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta 2-1eko emaitzarekin amaitu zen lagunartekoa.

Bestalde, asteburuko emaitza onenak Ohorezko Erregional mailako taldeak eta Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak lortu zituzten. Azken horiek 4-2 irabazi zuten Zubipen, Allerruren aurka. Avilak gol bat sartu zuen eta Adur izan zen arratsaldeko protagonista, 3 gol sartu baitzituen. Eta Ohorezko Erregional mailako taldeak 2-1 amaitu zuen norgehiagoka Real Unionen kontra, Oyarbide eta Lizaren golekin.

 

Partidu gehiago, aste honetan

Aipatutako taldeez gain, beste batzuek ere izango dituzte topaketak datozen egunetan. Etzi, esaterako, emakumeen lehenengo taldeak, Ohorezko Erregional mailakoak, Oiartzun izango du aurkari Zubipen. Aurredenboraldiko lehengoa izango da, eta Euskal Ligatik jaitsi ostean, indartsu arituko dira hernaniarrak, taldearen maila erakusteko prest. Eta erritmoari jarraitzeko, igandean ere partidua jokatuko dute Rezolan, Añorgaren kontra.

Denboraldi honetan, aldaketak izango dira emakumeen taldean. Izan ere, Fernando Molinaren ordez, Aritz Lujanbio hernaniarra arituko da entrenatzaile lanetan. Eta jokalariei dagokienez, zenbaitek taldea utzi dute eta aldaketak izan dira plantillan. Horren guztiaren berri aurrerago emango du Kronikak, xehetasun gehiagorekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!