Argazkilaritza lantegi esperimentalak antolatu dituzte udararako, eta larunbatean izango da hurrengo saioa

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 16a, 00:00
'Basoan' lantegiko zenbait partehartzaile, Chillida Lekun. Argazkia: Nagore Legarreta

Nagore Legarreta argazkilariak hainbat ekintza antolatu ditu hilabete hauetarako. Hurrengo saioa Ordiziako Oianguko baserrian izango da, eta zabalik dago izena emateko epea.

Nagore Legarreta argazkilariak udara honetarako plangintza aurkeztu du. Horren barruan, argazkilaritza lantegi esperimentala izango da larunbat honetan, Ordiziko Oianguko baserrian. Lehenengo saioa uztailaren 31n izan zen, eta argigrama lantegia egiteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Bat bateko irudiak sortu zituzten; eta, horretarako, erabili zituzten Oianguko inguruetan aurkitutako materialak, argazki papera, argia eta errebelatzeko kimikoak.

 

Probatzeko, esperimentatzeko eta inprobisatzeko guneak

Asteburu honetan, partehartzaileek gustukoen dituzten irudiak betirako izoztuko dituzte. Izan ere, ontziekin egindako argazki kamerekin argazkiak atera eta tailerrean bertan errebelatuko dituzte. Ekintza goizeko 10:30etan hasiko da eta eguerdiko 13:00ak arte luzatuko da, gutxi gorabehera. Prezioa 35 eurokoa da eta izena eman daiteke 665 728 061 telefono zenbakira mezua bidalita.

Egitarauko azken jarduera diaporama lantegia izango da, irailaren 25ean. Hori ere Oianguko baserrian egingo dute, ordu berean. «Material ezberdinekin, diapositibak sortu eta proiektu egingo ditugu», aurreratu dute. Ekintza horretarako prezioa, aurrekoena bezalaxe, 35 eurokoa da; eta izena emateko aurrez zehaztutako telefonora idatzi behar da.

Lantegiak adin guztietako herritarrentzat dira. «Eskuekin aritzeko, probatzeko, inprobisatzeko eta sortzeko guneak» direla azaldu dute.

Horrekin batera, antolatzaileek aurreratu dute saioetan parte hartzeko ez dela behar argazkilaritzari buruzko aldez aurreko ezagutza. Horren harira, informazio gehiago behar dutenek edo zalantzaren bat argitu nahi dutenek, nagore.legarreta@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

 

Irailean, Hernanin

Datorren hilabetean, aukera egongo da Basoan lantegian izena emateko. Arte diziplinetan arakatzeko eta esperimentatzeko jarduera da eta udaberrian jarri zen martxan Chillida Lekun, 16 eta 23 urte bitarteko gazteentzat. Aurten ere errepikatu egingo dute, eta irailean irekiko da apuntatzeko epea education@museochillidaleku.com helbidera idatzita

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!