Ainara Ortegak kontzertua eskainiko du larunbatean, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 16a, 00:00

Udako programazioaren barruan, hernaniarrak bere azken kantuak abestuko ditu arratsaldeko 20:00etan hasita. Gonbidapenak eskuragai daude.

Kulturaz busti dira hernaniarrak azken hilabete hauetan. Izan ere, udako kultur programazioaren barruan, kontzertu eta emanaldi ugari ikusteko aukera izan dute uztailean zein abuztuan. Oraingo honetan, Ainara Ortega hernaniarrak bere azken diskoaren aurkezpena egingo du: Onin. Larunbatean jarri dute horretarako hitzordua, Atsegindegin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Aurreko ikuskizunetarako bezalaxe, beharrezkoa da gonbidapenak aldez aurretik lortzea. Eskuragai daude Biterin edota online, www.kultura.hernani.eus webgunean. Era berean, orain arteko ekintzetarako zehaztu duten moduan, pertsona bakoitzak, gehienez ere, 4 sarrera har ditzake.

 

Disko «berezia», Onin

Emanaldi goxoa izatea aurreikusten da, bere herrian abestuko baitu Ainarak, eta barru-barrutik ateratako kantuak aurkeztuko ditu. Gainera, bigarren disko hau plazaratzeko, Lesakako Onin ibaia jarri zuen erdigunean; eta bere bikotekidea zenari eskaini zion lana, Lander Arriola lesakarrari, Incansables Txarangako tronbonistari. Hain justu, Lander zendu eta handik gutxira idatzi zituen diskoko abesti guztiak.

Horregatik, Kronikarako elkarrizketa batean, Ainarak aipatu zuen orain arte egindako diskorik «bereziena» dela larunbatean aurkeztuko duena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!