Txapeldunorde izan da Iñaki Esnal hernaniarra

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 15a, 00:00

Iñaki Esnal (ezkerretik hirugarrena), txapelketako sari banaketan.

Gipuzkoako Eskuzko Pasakakoaren finala galdu zuen herenegun, 11-13 emaitzarekin.

Ostiralean jokatu ziren Gipuzkoako Eskuzko Pasakakoaren eta txapelketa herrikoiaren finalak. Iñaki Esnal hernaniarrak lehiaketako azken txanpara heltzea lortu zuen, baina finala galdu ostean, txapeldunorde izan da. Chiapusso bikotearekin batera aritu da hernaniarra, eta joko bikaina egin dute norgehiagoka guztietan. Dena den, Karrerak eta Urbietak bi tanto gehiago egitea lortu zuten final haundian, eta 11-13 emaitzarekin amaitu zen partidua.

Txapelketa herrikoiko hamargarren edizioa izan da aurtengoa; eta Gipuzkoakoa, berriz, seigarrena. Herrikoian, Etxabetarrek lortu zuten txapela, 11-7 gailendu baitziren Mitxelenaren eta Azpirozen kontrako partiduan. Dena den, erakustaldi borobila egin zuten pelotari guztiek. Izan ere, bi finalak, herrikoia eta Gipuzkoakoa, oso borrokatuak izan ziren. 

Herrikoien artekoak ia ordubete iraun zuen eta hernaniarrarenak, aldiz, 90 minutu pasatxo. Esnal eta Chiapusso aurretik joan ziren 10-7 eta hamaikagarren jokoan, 40-15 aurreratu ziren. Hala ere, Karrerak eta Urbietak intentsitatea areagotu eta buruz burukoaren noranzkoa aldatzea lortu zuten. Horrela, tantoak gehitu zituzten eta partidua, azkenean, 11-13 amaitu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!