Sonakay musika taldeak bere azken lana aurkeztuko du ostegunean, Donostian, katamaran batean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 15a, 00:00

Sonakay musika taldeak 'Sonakay Denontzat' lana aurkeztuko du.

'Sonakay Donontzat' aurkeztuko dute musikari flamenkoek, eta salgai daude sarrerak. Oraingo honetan, ordea, modu berezi batean eskainiko dute kontzertua: katamaran batean, itsasoan. 

Sonakay musika taldeak Sonakay Denontzat azken lana aurkeztuko du datorren ostiralean, Donostian. Ez da nolanahiko aurkezpena izango, barku batean eskainiko baitute kontzertua. Katamarana aukeratu dute doinu flamenkoak eta euskaldunak uztartzeko, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

Katamaranaren izena Ciudad San Sebastián da, eta sarrerak barkuaren webgunean eskura daitezke, 30 euroko prezioan: www.ciudadsansebastián.com.

Era berean, esperientzia «bakarra» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, izan ere, itsasoaz eta paisaiaz gozatzeaz gain, euskal musika eta flamenkoa zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sonakay Denontzat aurkeztearekin batera, Txoria txori edota Loretxoa kantuen bertsioak ere abestuko dituzte. Arratsaldeko 20:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta irteera gaueko 22:00ak arte luzatuko da, gutxi gorabehera.

Jose Luis Jiménez Beltza taldeko baxujolea da, eta ostiralean Donostian izango da hernaniarra, kontzertua eskaintzeko prest. Gainera, aski ezagunak dira taldearen abestiak Hernanin eta Urumea bailaran ere; horregatik, taldeko sare sozialen bidez, herritar guztiei luzatu diete kontzertura joateko deialdia.

 

Proiektu berriak martxan

Sare sozialetan jakinarazi dutenez, buru-belarri dabiltza lanean udara honetan. Azkeneko argitalpenean, grabaketa estudioan ageri da taldeko abeslaria Jonatan Camacho Jony Iker Laurobarekin. «Laster proiektu berriak» kaleratuko dituztela aipatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!