Barrenetxeak debuta gaur, Buruz Burukoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00

Endika Barrenetxea hernaniarra, Master txapelketako finalerdian.

Urrizak 30-28 irabazi zion Ansari herenegun, finalerdien ligaxkaren estreinakoan.

Herenegun hasi zen Galarretan, Buruz Buruzko txapelketako finalerdietako ligaxka. 17:00etan hasi ziren partiduak, eta arratsaldeko bigarrena izan zen Ansaren eta Urrizaren arteko norgehiagoka. 30-28 amaitu zen, Urrizaren alde. Beraz, lau puntu batu ditu iruindarrak eta Ansak, berriz, 2. 

Gaurkoan, Juanenearen eta Barrenetxearen txanda izango da, 17:00etatik aurrera. Horiena ere arratsaldeko bigarrena izango da. Aurretik, Zalduak eta Labakak Loitegi eta Murgiondo izango dituzte aurrez aurre. Eta jardunaldiko azken topaketan, aldiz, Segurola eta Martirenak Goikoetxearen eta Zubiriren kontra jokatuko dute.

Txalo zaparrada Galarretan, Urrizarentzat eta Ansarentzat

Norgehiagoka gogorra izan zen pelotarientzat, 75 minutuz luzatu baitzen buruz burukoa. Baina erakustaldi bikaina izan zen ikusleentzat, maila bikaina erakutsi baitzuten Urrizak eta Ansak. Amaitzean, zutik jarri zen ikuslegoa, eta txalo zaparrada jaso zuten pelotariek. 

Hasieran, urnietarra 0-1 aurreratu zen markagailuan. Baina iruindarrak aurrea hartu zion gero. Parekatuta ibili ziren eta enpatea ere izan zen, 22-22. Eta berdinketa gehiago izan ez bazen ere, emozioa sekulakoa izan zen Galarretan, 28-27 eta 29-28ko emaitzak ikusi zirelako. Azkenean, Ansa garaipenetik oso gertu gelditu zen, Urrizak 30 tanto egitea lortu baitzuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!