Bakailao Astea izango da urrian, eta zabalik dago izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00

Bakailao festa 2018 urtean, Atsegindegin.

Irailaren 7a dute azkeneko eguna, tabernek eta jatetxeek, pintxo lehiaketara apuntatzeko.

Joan den urtean ezinezkoa izan zen Bakailao Astea antolatzea, baina aurten pintxo goxo-goxoak dastatzeko aukera izango dute hernaniarrek. Izan ere, urriaren 4tik 17ra bitartean,  «momentuko egoerak ahalbidetzen badu», IXgarren Bakailao Astea izango da Hernanin. Horrekin batera, Udalak aurreratu du ez direla aurreko urteetako ekintza guztiak antolatuko, baina behintzat, herriko tabernetako eta jatetxeetako bakailaoa probatuko dute herritarrek.

Parte hartzeko gonbidapena, tabernei eta jatetxeei

Aste berezi horren barruan, ohikoa bihurtu da urteroko Tabernen Arteko Bakailao Pintxo Lehiaketa. Horregatik, Udalak parte hartzeko gonbidapena luzatu die herriko tabernei eta jatetxe guztiei. Tabernei pintxo lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte eta jatetxeei, berriz, Bakailao Astean bakailao menu tematizatua eskaintzera. 

Parte hartu nahi duenak irailaren 7a izango du izena emateko azken eguna. Horretarako edo bestelako edozein zalantza argitzeko, hauxe dute bidea: turismo informazio puntura bertaratuta (Biteri kanpoaldean), 943 33 70 28 telefono zenbakira deituta edota turismoa@hernani.eus helbidera idatzita. Eta Berriak Elkarteko bazkideen kasuan, bertako telefono zenbakira deituta ere egin dezakete tramitea: 943 33 30 49.

Herritarrak, epaile lanetan

Duela bi urte izan zen azkeneko bakailao pintxo lehiaketa Hernanin, 2019an. Denera, 26 tabernek parte hartu zuten, eta Txilibita taberna, Txoko Ka­fe-Bar eta Aralar ta­bernako pin­txoak izan ziren, hurrenez hurren, VIIIgarren Bakailao Asteko pintxo lehiaketako ira­baz­leak. 

Herritarrek aukeratu zituzten gustukoenak, beraiek izan baitziren lehiaketako epaileak. Hain justu, taberna bakoitzean buzoia jarri zuten eta txarteltxoen bidez egin zen bozketa. Tabernaz taberna bakailao pintxo goxoenaren bila aritu ziren hernaniarrak. Batzuk piperrekin, beste batzuk arrautzarekin, garaiko barazkiekin... Denetarik aurkeztu zuten Hernaniko ostalariek. 

Aurtengoan ere lehiaketa horrelakoa izatea espero dute, baina horren berri aurrerago emango du Udalak, xehetasun gehiagorekin batera.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!