Bertso bazkaria eta piraguismoa, ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 14a, 00:00

Udako plana antolatu du Kontrakantxak, eta dagoeneko salgai daude bazkarirako, irteerako zein bi ekintzetarako sarrerak.

Kontrakantxa gaztetxeak udako egitaraua prestatu du. Horren barruan, zeregina izango dute gazteek datorren ostiralean, abuztuaren 20an. Izan ere, egun osorako txangoa antolatu dute: goizean, piragua Kaxkardirekin eta eguerdian, bertso bazkaria.

Parte hartu nahi dutenek, dagoeneko eskura ditzakete egun berezirako prestatutako sarrerak. Oraingo honetan, hiru motakoak dira: soilik bazkarirako (10 euro); soilik piraguarako (10 euro); edota, bi ekintzak egin nahi dituztenentzako (15 euro). 

Antolatzaileek azaldu dute beharrezkoa dela aldez aurretik izena ematea. Horretarako, Kontrakantxako sare sozialetara idatzi behar da: @kontrakantxa.

Eguraldi txarrarekin, plan aldaketa izango da

Goizean goiz abiatuko dira piraguismoko irteerara, 09:30etan, eta goizaldean Kaxkardikoekin batera ibiliko dira piraguan. Eguraldi txarra eginez gero, aurreratu dute plana aldatuko dutela. Baina horren berri aurrerago emango dute, eguraldiaren iragarpena zein den jakitean.  

Bestalde, bertso bazkariari dagokionez, 14:30etan jarri dute hitzordua. Hernaniko bertso eskolako kideak izango dira bertsotan, eta beraiek jarriko diote doinua bazkariari.

Horrez gain, gaztetxekoek ziurtatu dute egungo osasun egoera dela eta, segurtasun neurri guztiak bermatuko direla ekintzetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!