Gipuzkoako Eskuzko Pasakakoaren finala gaur, Iñaki Esnal hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 13a, 00:00

Jokin Esnal (eskuinetik aurrenekoa) Chiapusso bikotearekin batera, Lizaso eta Alvarezen kontrako partiduan.

18:30etan hasita, txapelketa herrikoieko eta Gipuzkoako finalak jokatuko dira Oiartzungo kontzejupean.

Uztaila hasieran ekin zioten Gipuzkoako Eskuzko Pasakako txapelketari eta herrikoiari. Iñaki Esnal hernaniarrak Gipuzkoakoan parte hartu du, eta txapelketa borobila egin ostean, finalera iritsi da. Herenegun amaitu ziren semifinaletako norgehiagokak, eta gaur jokatuko dira finalak, Oiartzungo kontzejupean.

Maila herrikoieko hamargarren ekitaldia izan da aurtengoa; eta Gipuzkoakoa, berriz seigarrena. Joan den urtean, bertan behera gelditu behar izan zuten Oiartzungo Txost Pilota Klubak antolatutako txapelketak. Izan ere, osasun egoerak galarazi egin zuen partiduak jokatzea. Aurten, ordea, egoera hobetu denez, gogotsu bueltatu dira pelotariak, eta astero jokatu dira norgehiagokak, Oiartzungo kontzejupean.

Azkeneko edizioa 2019an izan zen, eta Unai Alvarez hernaniarrak finalera iristea lortu zuen, Villabonako Iñaki Lizasorekin bikotea osatuta. Ezin izan zuten txapela lortu, ordea, Larraulgo Jon eta Andoni Urbieta lehengusuek irabazi baitzuten txapelketa, 13 eta 8 emaitzarekin.

Finala gaur, kontzejupean

Aurtengo bikote garailea zein izango den gaur erabakiko da, Oiartzungo kontzejupean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Esnal Chiapussorekin batera arituko da, Carreraren eta Urbietaren aurka. Maila herrikoieko finala, berriz, O.Etxabek eta E.Etxabek jokatuko dute, Mitxelenaren eta Azpirozen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!