Hiru gizonezko atxilotuta, Akarregin lapurreta egiteagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 12a, 13:31

Akarregi industrialdeko merkataritza-lokal batean harrapatu dituzte lapurretan, goizeko 00:25etan, eta atxilotu egin dituzte.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, hiru gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean, Akarregiko denda batean lapurreta egiten ari zirela egotzita. 20, 34 eta 35 urteko herritarrak dira, eta horietako bat Donostiako ospitalean dago ospitaleratuta. Izan ere, polizia bertaratu denean, ihes egiten saiatu dira denak; eta lokaletik kalera hiru metroko altueratik jauzi egitean, lapurretako batek min hartu du hanka batean.

Goizeko 00:25ak aldera gertatu da guztia. Ertzainek abisua jaso dute eta Akarregira iristean, hiru pertsona ikusi dituzte lokal barruan. Hirurek ihes egiteko saiakera egin dute, baina guztiak atxilotu dituzte. Lekura agertu den Begi Ikuskapeneko Unitateak egiaztatu du gizonezkoak barrura sartu direla sarrerako atea behartuta eta lokaleko alarma-sistemako kableak moztuta. 

Gainera, atxilotuei, besteak beste, bihurkinak, eskularruak, dirua eta mugikor batzuk atzeman dizkiete, eta epailearen esku utziko dituzte, «gertakariekin zerikusia baitute».


Hiru atxilotuek, aurrekariak

Aipatu moduan, gizonetako bat ospitaleratuta dago eta beste bi atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte gaur goizaldean, «dagozkion polizia-eginbideak hasteko». Polizia-egoitzara eraman dituzten bi atxilotuak gaur bertan jarriko dituzte Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

Era berean, kasua aztertzean, Ertzaintzak adierazi du hiru atxilotuek era horretako egintzekin zerikusia duten polizia-aurrekariak dituztela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!