Antzerkia eta dantza uztartuko dituzte, etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 12a, 00:00

Hika Teatroak eta Oinkarik 'Gazte' kale ikuskizuna aurkeztuko dute etzi, Atsegindegin, 20:00etatik aurrera.

Udako kultur programazioaren barruan, Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak Gazte kale ikuskizuna aurkeztuko dute etzi. Arratsaldeko 20:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin. Antzerkia eta dantza uztartuko dituzte, eta «gaztetasuna» jarriko dute erdigunean. Gonbidapenak eskuragai daude Biterin, ohiko ordutegian.

Gainera, euskal dantza ez ezik, dantza garaikidea eta garaiko dantza modernoak ere ikusi ahal izango dira Atsegindegin. Izan ere, oraingo honetan «konfort zonatik» atera direla ziurtatu dute Oinkarikoek. Horixe bera aipatu dio Aimar Garaiar dantzari hernaniarrak Kronikari. «Gogotsu» dago Garaiar, bere herrian dantzatuko duelako.

Era berean, Agurtzane Intxaurragak, ikuskizuneko zuzendariak, adierazi du «aurrerapausoa» eman duela taldeak. Emanaldi hau «beste modu batera» sortu dela kontatu dio Kronikari, «orain arte lan egin ez dugun beste modu batera, alegia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!