Enaitz Goñi igerilari hernaniarra seigarren, Espainiako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 12a, 00:00

Enaitz Goñi hernaniarra, Las Palmaseko Metropole igerilekuan.

Bere marka onena lortu zuen 16:28.23ko denborarekin, 1.500 metro libreetako proban, Las Palmasen.

Enaitz Goñi hernaniarrak Espainiako Absolutu eta Junior Txapelketetan parte hartu zuen joan den astean. Las Palmasen izan zen lehiaketa, Metropole igerilekuan, eta ezin hobeto aritu zen Goñi. Denera, lau probatan lehiatu zen: 200, 400, 1.500  metro libreetan, eta 400 metro estiloetan. Eta denen artean, emaitzarik onena asteazkenean lortu zuen, 1.500 metrokoan; 2004 urtean jaiotakoen artean, seigarren amaitu zuen, 16:28.23ko denborarekin.

Gainera, txapelketan bere markak hobetu ditu hernaniarrak. Hain justu, 50 metroko igerilekuan 20 segundotan hobetu zuen bere errekor pertsonala. Beraz, bost egunen ostean, asebeteta eta pozik amaitu du aurtengo denboraldia.

Gijoneko marka berdindu zuen, 200 metro libreetan

Txapelketako lehenengo egunean, 400 estiloetan aritu zen Enaitz Goñi. 4:46.44ko markarekin, bederatzigarren postuan amaitu zuen, eta finaletik postu bakarrera gelditu zen. Zapore gazi-gozo horrek, ordea, motorrak berotzeko balio izan zion.

Azken bi probetan bere denborak hobetu eta berdindu bazituen ere, gustura gelditu ez zela aitortu du igerilariak. 400 metro libreetan 4:13.80ko denbora egin zuen; eta, marka horrekin, hamahirugarren postuan sailkatu zen. 200 metro libreetan, aldiz, hamalaugarren postua lortu zu­en. Azkeneko horretan, 1:58.78ko denborarekin, Gijonen joan den maiatzean egindako marka berdindu zuen.

Talde aldaketa, datorren denboraldirako

Las Palmaseko Espainiako Txapelketako probak, aurtengo denboraldiko azkenekoak izan dira Goñirentzat. Datorren denboral­dian, gainera, talde aldaketa izango du. Izan ere, Fortuna utzi eta Tolosaldea taldearekin arituko da igerilari hernaniarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!