Pertseidak ikusteko aukera egongo da bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 11a, 00:00

Chillida Lekun jarri dute horretarako hitzordua. Sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira, Biterin.

Biharko gaua berezia izango da astronomia gustuko duten herritar guztientzat. Izan ere, abuztuaren 12tik 13ra bitartean, pertseidak ikusteko aukera egongo da.

Hori aprobetxatuta, Aranzadi Zientzia Elkartekoek izarren behaketa egiteko zita jarri dute Chillida Lekun. Hain justu, laser erakusle batekin eta ikusteko pantaila duen teleskopio baten laguntzarekin, konstelazioak behatzen lagunduko diete partehartzaileei. Gaueko 21:00etan zabalduko dituzte ateak, eta jarduerak 4 orduko iraupena izango du; alegia, gaueko 02:00ak arte, gutxi gorabehera. Parte hartzeko beharrezkoa da sarrerak aldez aurretik erostea, eta salgai daude Biterin, 10 euroan. Era berean, lainoak egonez gero, antolatzaileek aurreratu dute zeruan proiektatuko dela programa informatiko baten bidez; eta, kasu horretan, ariketak bi orduko iraupena izango duela.

 

Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak

Pertseiden izar-jasa urtero abuztuaren 12aren inguruan gertatzen den meteoro-jasa da. Izar iheskor edo izar uxo izenaz ere ezagunak dira; eta, izen horiek ez ezik, Done Laurendiren malkoak izen herrikoia ere hartzen dute, meteoro-jasaren aktibitate goreneko momentua abuztuaren 10era gerturatzen delako, izen bereko martiri espainiarraren jaiegunean.

Gainera, adituek aurreratu dutenez, 2021 «urte bikaina» izango da pertseidak ikusteko, ilberria (abuztuak 8) baino egun batzuk geroago gertatuko direlako. Beraz, biharkoa gau polita izatea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!