«Jendearen esker ona eta ematen dugun zerbitzua da lanbide honen alderik politena»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 11a, 00:00

Eneko Lujanbio eta Eneko Elosegi, Tiloseta atzealdean, Kronikarako elkarrizketan.

Eneko Elosegi eta Eneko Lujanbio. Biak hernaniarrak, biak koadrilakoak eta biak baso suhiltzaileak. Bardeetako sutean izan ziren biak, elkarrekin, eta esperientzia «gogorra» bezain «betegarria» izan zela kontatu diote Kronikari.

Jaiegunean harrapatu ditugu Eneko Lujanbio eta Eneko Elosegi hernaniarrak. Koadrilakoak eta baso suhiltzaileak dira biak.  Lujanbio Zangotzako parkean dago eta Elosegi, berriz, Azkoiengoan. Ingeniaritzako eta elektrizitateko zein robotikako ikasketak egin zituzten, baina suhiltzaile izateko barruan duten sugarrak Nafarroara eraman ditu biak, basoan izaten diren suteak itzaltzera. Horixe da, hain justu, bien pasioa. «Gure brigadetako gidariak gara», aipatu du Elosegik. «Sua itzaltzen laguntzeaz gain, ibilgailua suteetara eramaten dugu; bai autobonba forestala, bai todoterrenoa».

Duela gutxi, Bardeetako sutean izan ziren biak. «Gogorra izan zen, 700 hektareatatik, gutxi gorabehera, 500 erre zirelako», dio Lujanbiok. «Hori da lan honen alde ilunena», jarraitu du Elosegik. «Batzuetan, sua oso indartsu egoten da eta altuegi dagoenez, itxaron egin behar izaten dugu zertxobait jaitsi arte. Bitarte horretan, hektarea gehiago erretzen dira eta inpotentzia haundia sentitzen dugu», dio.

Baina, guztiaren gainetik, biak ados daude ematen duten «zerbitzua» eta «jendearen esker ona» dela lanbide honen alde politena. Hori kontatzen ari zirela, gogoeta egin du Lujanbiok, joan den astean izan zuten sute batean gainean. «Yesako kanpinean sutea piztu zen. Bertaratu eta guztia itzaltzea lortu genuenean, jendea gugana gerturatu zen eskerrak ematera. Lasaitasuna nabari zen beraien aurpegietan, eta horrek ez du preziorik», kontatu du Lujanbiok. «Horrez gain, gure kasuan behintzat, langiroa oso ona da. Lanaldiak goizeko 10:00etatik gaueko 22:00ak artekoak izaten dira, ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta harreman ona sortu dugu», dio Elosegik. «Pozik eta gustura joaten gara lanera», baieztatu du lagunak. «Hau probatu dugu eta orain oso zaila izango da uztea;  lanbide honetan jarraitu nahi dugu».

Etxekoek, batzuetan, «kezka eta beldurra» sentitzen dutela diote biek. «Sute haundi bat dagoela jakiten dutenean, berehala idazten dute kontuz ibiltzeko esateko», dio Elosegik. «Baina, bestelakoan, pozik daude gu ere zoriontsu gaudelako lanbide honetan», bat egin dute biek. «Joan den urtean, iloba etorri zen bisitan suhiltzaileen parkera, eta osaba hor ikustean oso pozik ikusi nuen txikia», kontatu du, irribarretsu, Elosegik. «Lanbide berezia dela esan dezakegu eta koadrilakoek ere, hasiera batean, galdera gehiago egiten zizkiguten. Baina, orain, azterketa egin eta ia hiru urteren ostean, normaltzat hartzen dute», gehitu du. «Bomberos izenez deitzen digute batzuetan!», egin dute barre.

Eneko Elosegi eta Eneko Lujanbio Bardeetako sutean. Argazkia: @EstebanMR011


Gustuko tokian, aldaparik ez

Agertoki zailak topatu dituzte bidean, baina sua itzaltzean sentitzen den emozioak «guztia gainditzen» duela ziurtatu dute hernaniarrek. Suhiltzaileen parkean daudenean, alarmak jotzen duenean «adrenalina» sentitzen dutela diote biek. «Momentu horretan, azkar prestatu eta gure helburua da sutea piztu den tokira salbu iristea. Azken hori oso garrantzitsua da, urduritasunak ez du gainezka egin behar», helarazi du Lujanbiok.

«Gainera, baso suhiltzaileek, oro har, ez ditugu hiriko suhiltzaileek topatzen dituzten bezain egoera latzak aurkitzen», adierazi du Lujanbiok. «Auto istripu batera joan behar duten hiriko suhiltzaileek, adibidez, batzuetan gorpuak atera behar izaten dituzte auto barrutik, eta hori ez da batere erraza», gehitu du Elosegik. «Buruz indartsu egon behar da; eta, esaten den bezalaxe, estomagoa izan behar da. Baina, nire ustez, inor ez da horrekin jaiotzen; aitzitik, esperientziak ematen du hori», dio Lujanbiok. «Hitz gutxitan esateko, suaz gain, baso suhiltzaile bati mendia eta ingurumena gustatu behar zaio; eta, normalean, kirolarekin lotura duten afizioak izaten ditu», esan du Elosegik.

Horrez gain, fisikoki ere ondo prestatuta egon behar duzue, ezta? Galdetu diegu. «Hori bai, noski. Baina beti gauza bera pentsatzen du jendeak, fisiko ona izan behar dela suhiltzaile lanetan aritzeko. Dena den,  hiriko suhiltzaile izateko, aipatu moduan, psikologikoki ondo prestatuta egon behar da. Hori ez ezik, azterketa teorikoa ere konplikatua da. Jendea oso prestatuta aurkezten da eta oso zaila da plaza lortzea», dio Lujanbiok.

Aurrekoaren harira, emakumeen gaia mahaigaineratu nahi izan dute. «Lanbide honek ez du generorik. Proportzioan, gizonezko gehiago ikusten dira emakumezkoak baino. Hala ere, azkeneko azterketan emakume asko ikusi nituen, eta horrelaxe beharko luke», argitu du Elosegik. «Gustukoa badu eta horretarako balio badu, emakumezkoa edo gizonezkoa izan, edonor izan daiteke suhiltzaile», azpimarratu du Lujanbiok.

 

«Oso ona den zerbait etorri beharko litzateke gu hemendik mugitzeko»

Une honetan, ekainetik urrira arteko Prebentzio Kanpaina «ahalik eta hobekien» betetzea dute jomuga. Urteko gainerako hilabeteetarako, baso suhiltzaile gehienek «beste lanbide» bat dutela ziurtatu dute. «Batzuk autonomoak dira, besteak ikasleak...», dio Lujanbiok. «Ni sagardotegian aritzen naiz lanean, Oialume Zarren. Oso gustura nago hor ere, bi lanak bateragarriak direlako», adierazi du Elosegik.

Etorkizunean, lankideak izatea gustatuko litzaiekeela diote. «Izugarria litzateke hiriko suhiltzaileak izatea Donostian, edo basokoak, baina elkarrekin», esan du Lujanbiok. «Bai. Diogun moduan, oso ona den zerbait etorri beharko litzateke gu hemendik mugitzeko!», itxi du elkarrizketa Elosegik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!