'Gazte' kale ikuskizuna larunbatean, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 10a, 00:00

'Gazte' emanaldia, Astigarragan, joan den uztailean.

20:00etan hasiko dute ekitaldia, eta gonbidapenak aurrez eskuratu behar dira.

Udako programazioaren barru­an, larunbat honetan Gazte kale ikuskizuna izango da Atsegindegin, 20:00etan. Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak sortu dute   emanaldia, elkarlanean, eta Hernanin aurkeztuko dute asteburuan. Gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira, Biterin. Antolatzaileek adierazi dute pertsona bakoitzak, gehienez ere, 4 sarrera har ditzakeela.

Bi taldeak elkarrekin lanean aritzen diren lehenengo aldia ez dela kontatu dio Agurtzane Intxaurragak, emanaldiko zuzendariak, Kronikari. Horrekin batera, larunbatekoa «berezia» izango dela aitortu du. Izan ere,  orain arte lanean aritu ez diren modu batean sortu dute ikuskizuna; eta, lehen aldiz, dantza, antzerkia eta bestelako diziplinak uztartu dituzte.

Gainera, «haurrei, gazteei zein helduei» zuzendutako emanaldia dela aurreratu du Intxaurragak; eta, beraz, herritar guztiei luzatu diete deialdia, Atsegindegira bertaratzeko.

Bestalde, hernaniarrei ezaguna izango zaie Oinkariko dantzarietako bat. Hain justu, Aimar Garaiar hernaniarra izango da oholtza gainean. Bere herrian dantzatzeko «gogotsu» dagoela aitortu du Garaiarrek, eta ziurtatu du bertaratzen diren guztiek ikuskizunarekin gozatuko dutela.    

 

Gazteak eta gaztetasuna, erdigunean

Ikuskizunaren izenburuak deskribatzen duen bezalaxe, emanaldiak «gazteak eta gaztetasuna» izango ditu hizpide, eta dantzaren eta antzerkiaren bidez, ahotsa emango die haien kezkei eta ezinegonei .

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!