Eraso sexisten aurkako protokoloa ezarriko du Errugbi Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 10a, 00:00

Elkarteak esan du ez duela «sexu-jazarpen eta gehiegikeriarik» onartuko; eta hori bermatzeko, protokoloa denboraldi hasieran jarriko da martxan. 

Hernani Club Rubgy Elkarteak jakinarazi duenez, datorren denboraldian jarriko dute abian eraso sexisten aurkako protokoloa elkartean. Udalaren laguntzarekin, irailean emango diote forma guztiari, eta orduan helaraziko diete informazioa jokalariei, entrenatzaileei zein elkarteko gainerako kide guztiei. «Hernani Club Rugby Elkartea osatzen dugun guztiok beteko dugu eta betearaziko dugu, elkarteko esparru guztietan», azpimarratu dute.

Horrekin batera, ezarriko duten protokoloaren printzipioen deklarazioa aurreratu dute, eta hainbat ideia argitu dituzte idatzian, protokoloaren nondik norakoak zeintzuk izango diren azaltzeko. Zehaztu dute kirolean ematen den sexu-jazarpena eta gehiegikeria «sexu-indarkeria» forma bat dela. «Horren bidez, osotasun fisikoa zein morala eta sexu-askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzen dira».

Horren guztiaren bueltan, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen esanetan, aipatutako giza eskubideak «besterenezinak» dira. Horregatik, kirolean ematen diren sexu-jazarpen eta abusuari buruz idatzitako Kontsentsuzko Aitorpenaren bidez, kirola «eremu seguruagoan eta osasungarriagoan» bihurtu nahi dute, eta, aldi berean, «kirolarien osasuna eta babesa hobetu» nahi dute.


Hartutako konpromisoak

Eraso sexisten aurkako protokoloa onartzearekin batera, hainbat konpromiso hartu ditu elkarteak, «emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko araudian oinarrituta, eta kirolariek zein langile eta laguntzaile guztiek sexu-jazarpen eta gehiegikeriaz libre dagoen kirol-eremu batez disfrutatzeko duten eskubidea bermatzeko».

Elkartearen jarduera eremuan ematen diren sexu-jazarpen eta abusuen prebentziorako metodo bat ezarriko du protokoloak, eta elkartea osatzen duten pertsona orori ezagutaraziko zaio. Hori ez ezik, klubarekin lotura duten pertsona, enpresa, erakunde eta instituzio guztiek ere auzi honetan beraien konpromisoa ezagutu dezaten ziurtatu nahi dute, honekin, kirolari zein langileen kontrako sexu-jazarpena eta abusua ezabatzeko eta ekiditeko neurriak har ditzaten.

Horrekin batera, sexu jazarpena edo gehiegikeria «errotik kentzeko eta saihesteko», eraginkortasun haundienarekin, baliabide guztiak jartzea bermatu nahi dute, betiere «jazarpena jaso duten pertsonak eta salatu dituzten hirugarren pertsonak babesteko neurriak hartuta». Eta, azkenik, elkartean «ongizatea eta osasun egokia» izateko, «kirolari, langile, zuzendari, mediku, fisioterapeuta, teknikari, epaile eta gainontzekoak egiten dituzten kirol-jarduerak praktika egokietan oinarrituta garatzen saiatzeko» konpromisoa hartzen dutela ziurtatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!