Osakidetzak argitaratutako datuei erreparatuta, intzidentzia-tasa jaitsi eta eremu gorritik irten da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 10a, 00:00

Eremu gorritik irten zen atzo, Hernani.

San Joanetan sartu zen eremu gorrian, eta ordutik horrelaxe mantendu dira datuak. Hala ere, azken hiru egunetan 6 positibo erregistratu dira; eta, zifra horrekin, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 392,57ra jaitsi da herrian.  

Osakidetzak argitaratutako azken datuei erreparatuta, Hernani eremu gorritik irten zen atzo. Joan den ekainean, San Joanetan, kasu positiboak areagotzen hasi ziren herrian; eta, ordutik, eremu gorrian mantendu da udalerria. Dena den, egoera nabarmen hobetu dela dirudi; izan ere, azken hiru egunetan sei kasu positibo erregistratu dira. Datu horrekin, intzidentzia-tasa, 100.000 biztanleko, 392,57ra jaitsi da. Beraz, kolore gorria ezabatu eta laranja hartu du Hernanik, Osakidetzako txostenean. Azkeneko 14 egunetan, aldiz, 79 kasu positibo izan dira. 


Eztanda, ekainaren 30ean

Ekainaren 29an, 14 kasu positibo zenbatu ziren herrian, eta intzidentzia-tasa 144,11koa izan zen egun hartan. Hilaren 30ean, berriz, 52 herritarrek eman zuten positibo koronabirusean. Horrekin, gorakada nabarmena izan zen, 402,50ra. Hain justu, orduantxe sartu zen Hernani eremu gorrian. Edonola ere, hilabete eta 10 egunen ostean, beherakada haundia izan da datuetan, eta osasun egoera hobetu da.

Astigarraga, berriz, eremu gorrian dago oraindik ere. Atzoko datuek adierazi zutenez, azken hiru egunetan bi positibo zenbatu dira herrian. Intzidentzia-tasa, aldiz, 539,41koa da une honetan. Azken datu hori, 100.000 biztanleko 400 baino altuagoa denez, astigartarrek ez dute lortu kolorea aldatzea. Dena den, pixkanaka bada ere, egoera hobetzen ari dela dirudi. Izan ere, gero eta gutxiago dira herrian zenbatutako kasu positiboak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!