'Kaixo!' aldizkariaren 54garren alea argitaratu du Amherrek, interneten

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 8a, 00:00

Bordelera joan zen taldea, 'Zinea, Gazteak eta Migrazioa' egitasmoaren baitan.

Zortzi orrialdetan, errepasoa egin die elkarteak, azkeneko hilabeteotan burutu dituen jarduerei. Interneten dago eskuragarri, doan.

Bueltan da Amher elkartearen Kaixo! aldizkaria, bere 54garren alearekin. Dagoeneko argitaratu dute, eta eskuragarri dago interneten, issuu.com/amher-sos-racismo webgunean eta elkartearen sare sozialetan. Albiste honen azpiko aldean ere eskuragarri dago aldizkariaren PDFa. Doakoa da, eta irakurketaz gozatu eta ingurukoekin partekatzera animatu ditu herritar guztiak, elkarteak.

54garren zenbaki honetan, udaberrian burututako jarduera bereziei egin die errepasoa Amherrek, zortzi orrialdetan. Horrela, Zinea, Gazteak eta Migrazioa egitasmoak hartu du protagonismo nagusia. Horren bitartez, Iruñean eta Bordelen izan dira hainbat gazte hernaniar asteburupasa, migrazioari eta zinean duen isladari buruz hausnartzeko.

Herrian bertan burututako ekintzen berri ere eman dute aldizkarian: ibilaldiak, azokak, euskera eta gaztelania lantzeko ikastaroetako partehartzaileen topaketa, Emagunea egitasmoa, San Joanetan antoatutako No es país para negras bakarrizketa...

Egoitza berria, irailetik

Eta egoitza aldaketa ere iragarri du Amherrek, aldizkarian bertan: 15 urtez Latsunben aritu ondoren, Kulturarteko Plaza Feministara (Florida Auzoa 28) mugituko da elkartea, irailean. Bertan egingo ditu, aurrerantzean, ikastaroak, bilerak, jarduerak, aholkularitza zerbitzua, pertsona migranteen eskubide­en defentsa...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!