7,1 milioi euroko irabaziak izan ditu Iberpapelek, aurreneko seihilekoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 8a, 00:00

Emaitza onak izan ditu Zikuñagako Papeleraren taldeak, ekainera arte: 2020 urte osoko irabaziak baino %67 gehiago dira orain arte lortutakoak.

2021eko aurreneko seihilekoaren balantzea egin du Iberpapelek, Zikuñagako Papeleraren taldeak; eta emaitzak «positiboak» izan direla nabarmendu du: 106,42 milioi eurokoa izan da negozio zifra totala, 2020ko aurreneko seihilekoan izandakoa baino %21,6 haundiagoa.

Hori horrela, 7,1 milioi euroko irabaziak izan ditu Iberpapel taldeak, aurreneko seihilekoan. EBIDTA (zergen aurreko irabazi gordina), 14,3 milioi eurokoa izan da. Zentzu horretan, eta irabazi garbiak kontutan hartuta, konparaketa esanguratsua egin du Iberpapelek: 2020 urte osoan lortutako irabaziak baino %67 gehiago dira, aurten dagoeneko lortu dituzten 7,1 milioi euro horiek, aurreneko sei hilabeteetan. Izan ere, 4,24 milioi euroko irabaziak izan zituen Iberpapelek, 2020an. Iaz ere, emaitza positiboa izan zuen taldeak, ekainera bitarte, 6,03 milioi euroko irabaziekin; baina bigarren seihilekoan okertu ziren kontuak, pandemiarekin.

Gorantzako joera datuek, apiriletik ekainera

Iberpapelek azaldu du, bestalde, kopuru horien analisiak erakutsi duela «gorantzako joera» mantendu dutela urtearen aurreneko sei hilabeteetan, «bereziki apiriletik ekainera». Epe horretan, «eboluzio positiboagoa» nabaritu dela adierazi du.

Gainera, bereziki nabarmendu nahi izan du, saldutako unitate fisikoen kopuruak izandako igoera: 2020an baino %27 gehiago saldu dira aurreneko seihilekoan, eta 2019an eta 2018an baino %4 gehiago. «Horri gehituta salmenta prezioaren errekuperazioa (oraindik 2020an baino nabarmen bajuagoa), %18 haunditu zen paperaren salmenta, 84,6 milioi eurora arte», adierazi du Iberpapel taldeak.

2020an 6,03 milioi euroko irabaziekin iritsi zen Iberpapel ekainera, baina 4,24rekin bukatu zuen urtea. Aurten 7,1 milioi euro dira orain arte, eta «gorantzako joera» izan du apiriletik.

Paperean ez ezik, energia elektrikoaren negozioko fakturazioan ere gorakada izan du Iberpapelek, %23koa, «produkzioaren eta energiaren prezioaren igoeraren eraginez». Izan ere, hiru negozio-atal dauzka Iberpapelek: komertziala, forestala eta industriala. Industrialean, Zikuñagako Papelera da taldeko enpresa bakarra; eta beste bietan, 15 enpresa daude guztira.

Aurtengo aurreneko seihilekoan izandako emaitzak ikusita, eta «konpainiaren martxa ona» kon­tutan hartuta, Akziodunen Batzar Orokorrak adostu zuen 2020ko emaitzatik 0,1 euroko dibidendua banatzea akzio bakoitzeko, eta uztailaren 15ean gauzatu zuten hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!