Irailean eta urrian jokatuko da Tilos 7 Pasa pala txapelketa, eta bihartik eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 8a, 00:00

Ekhine Balerdi, zabaletik pelota bat jasotzen, ikusleak adi begira zituela.

Joan den urtean bertan behera geratu ondoren, bueltan da txapelketa, 10garren edizioarekin. Lau mailatan jokatuko da, baina normalean baino motzagoa izango dela aurreratu dute. Whatsappez eman behar da izena: 697 607 879.

Covid-19aren eraginez geratu zen bertan behera, joan den urte­an, Tilos 7 Pasa pala txapelketa. Baina ez du hutsik egingo aurten, eta bere 10garren edizioarekin, bueltan da torneo herrikoia.

Iraila eta urria bitartean jo­katuko da, ezohiko datetan, eta normalean baino motzagoa izan­go da, au­rre­ratu dutenez. Horregatik, bi­ko­te gutxiagok hartuko dute parte txapelketan. Edonola ere, lau mailatan ariko dira, aurreko edizioetan bezala: lehenengo mailakoa, bigarren mailakoa, neskena, eta herrikoia. Azkeneko horretan, hernaniarrek bakarrik izango dute jokatzeko aukera.

Parte hartzeko, bihar zabalduko dute izena emateko epea, eta aste osoan zehar izango da aukera, datorren igandera arte. Horretarako, whatsappez idatzi behar da, 697 607 879 telefonora. Zalantzarik izanez gero, zenbaki horretara deitu daiteke.

Bi urteren ondoren, 2019an jantzitako txapelak jarriko dituzte jokoan berriro, azkeneko bikote txapeldunek. Orduan, Tilosetan dozenaka partidu jokatu ondoren, Endika Ramosek eta Aiheko Zubimendik irabazi zuten lehenengo mailako txapelketa, finalean Zabala eta Unda 22-17 menderatuta. Nesketan, Ekhine Balerdik eta Garazi Urdangarinek jantzi zuten txapela, Ainhoa Urieni eta Eider Otaegiri 22-13 irabazita. Bigarren mailan, Josuk eta Alexek osatutako bikotea izan zen nagusi, Legarreta eta Olazabal menderatuta (22-14). Eta maila herrikoiean, azkenik, Izoztegi eta Bidegain nagusitu ziren finalean, Garmendia eta Elosegiren kontra (22-16).

Bederatzigarren edizio horretan, 64 bikotek hartu zuten parte guztira, lau mailen artean. Apirilean hasi zen txapelketa orduan, eta ekainean bukatu, 100 partidu inguru jokatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!