Villa de Teguesteko maratoia irabazi zuen Eva Esnaolak, igandean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 7a, 00:00

Eva Esnaola, Villa de Tegueste maratoiko podiumean.

3:27:41 denborarekin nagusitu zen atleta hernaniarra, Tenerifen.

Tenerifen izan zen Eva Esnaola atleta hernaniarra, aurreko astean... eta ez bereziki oporretan: Villa de Teguesteko maratoia irabazi zuen, emakumezko absolutuen kategorian. 3:27:41 denboran osatu zuen proba Esnaolak, kilometro bakoitza 4:57ko denboran osatuta, batazbeste.

Maratoiak berak ez zeukan ohiko formatua, dena den. Izan ere, kale eta errepideetan barrena izan beharrean, 400 metroko pista baten inguruan osatu zituzten lasterketaren 42,195 kilometroak. Gainera, asfaltozkoa da hango pista, homologatu gabekoa. Eguraldia, bestalde, oztopo izan zuten lasterketaren partehartzaileek: hezetasun haundia izan zuten, eta haizeak ere enbarazu egin zien.

Covid-19aren eraginez, ikuslerik gabe egin zuten lasterketa. Baina bertan, ez zen bakarrik egon Eva Esnaola, Idoia Esnaola ahizpa ere partehartzaileen artean izan baitzen, eta behin baino gehiagotan egin zuten topo pistan bueltaka. Maratoia egin zuen Idoia Esnaolak ere, eta proba bukatzea lortu zuen, 4:43:26 denborarekin.

Covid-19aren eraginez egoera berezia izan arren, antolatzaileek atletei emandako tratu ona nabarmendu nahi izan dute CD Hernaniko bi atletek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!