Traineru sasoiaren azken txanpan sartu dira arraunlari hernaniarrak, denboraldi polita borobiltzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 7a, 00:00

Euskotren Ligako patroi onena izan da Miren Garmendia, orain arte.

Euskotren Ligako patroi onena izan da Miren Garmendia orain arte. Ivan Lopezek bandera bat lortu du Eusko Label Ligan, Ondarroarekin; eta ETE Ligan, Tolosaldeako hernaniarrek zazpi bandera lortu dituzte, eta Hibaikakoek bat.

Talde ezberdinetan sakabanatuta dabiltza arraunlari hernaniarrak, udara honetan, traineru denboraldian: liga guztietan da­go herriko ordezkaririk. Sasoiaren zati haundi bat osatuta, denboraldi polita ari da izaten gehienentzat, eta hori borobildu nahi dute, azken txanpan.

Emakumezkoen txapelketa nagusian, Euskotren Ligan, Mi­ren Garmendia ari da Hondarribiarekin, patroi lanetan. Eta nola, gainera: ligako patroi onena izan da orain arte, eta sailkapen horretako liderra da, bi jardunaldiren faltan. Taldeak, ordea, denboraldi zaila izan du: azkeneko postuan dago, laugarren, Orioko eta Getxoko estropadetan bigarren izan zen arren. Mailari eusteko play offa jokatu beharko du.

ETE Ligan, berriz, hiru taldetan dago hernaniarrik. Tolosaldearekin ari dira Eider Barba eta Enara Villena, eta oso denboraldi gozoa izaten ari da haientzat, ligako lider baitaude: zazpi bandera lortu dituzte, eta bigarren izan dira beste hiru estropadetan. Hiru horietatik bat, Hibaikak irabazi zuen, aurreko asteburuan Errenterian, lau hernaniar tartean direla: Uxue Alberdi, Garazi Arabiotorre, Ihintz Larrañaga eta Jone Pastor. Lau onenen artean sailkatu dira estropada guztietan, eta hirugarren daude ligako sailkapenean. Eta azkenik, Lapurdirekin ari dira Oihana Goenaga, Leire Zubieta eta Estitxu Zabala, Asier Ocon entrenatzaile dela. Sailkapenaren azkeneko postuen lehian aritzea tokatu zaie haiei, eta 10garren daude ligan. Postu horren inguruan sailkatu dira, estropada gehienetan ere.

Mutilen artean, berriz, hiru hernaniar dabiltza liga nagusian, Eusko Label Ligan. Donostiarrarekin ari dira Iker Imaz eta Xabat Pastor, eta oso denboraldi erregularra daramakite. Bosgarren postuaren inguruan sailkatu dira gehienetan, eta hirugarren izan ziren Castron eta Santurtzin. Horrela, bosgarren postuan daude ligako sailkapenean. Ivan Lopezentzat, aldiz, denboraldi gorabeheratsuagoa ari da izaten Ondarroarekin, baina badaki irabaztea zer den: Zierbenan lortu zuten bandera. Une honetan, zazpigarren daude ligako sailkapenean.

KAE-1 ligan, bestalde, Oriorekin ari da Asier Guillen. Beheko postuen lehian aritu dira orain arten, eta bederatzigarren daude ligako sailkapenean. Aurreko igandean lortu zuten denboraldiko emaitza onena, Pedreñan, zazpigarren sailkatuta.

Eta KAE-2 ligan, azkenik, lau dira Hernaniko ordezkariak. Do­nostiarrarekin ari dira Jokin Ira­ola, Peru Pineda eta Aratz Tejedor. Denboraldi gorabeheratsua izan dute, baina hiru aldiz sailkatu dira hirugarren, Pasaian, Errenterian eta Bilbon. Seigarren daude, ligako sailkapenean. Zailagoa ari da izaten denboraldia Xabi Medina gaztearentzat, Trintxerpen, emaitzei dagokienez: ligako azkeneko postuan daude.

 

Sei hitzordu, asteburu honetan

Asteburu honetan, atseden hartuko dute Euskotren Ligan, datorrenean Zarauzko bandera lehiatzeko. Eusko Label Ligakoak, be­­rriz, Galiziara joango dira: Ri­an­xon ariko dira gaur, eta Boiron bi­har. ETE Ligan, bestalde, Ondarroan daukate zita gaur. KAE-1 ligakoak Astilleron ariko dira gaur, eta Getarian bihar. Eta KAE-2koek, azkenik, Trintxerpeko bandera jokatuko dute gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!