'El padre' filmarekin, gaur hasiko dira Zinema Gauak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 5a, 00:00

Anthony Hopkins aktorea, filmean.

Gaurtik igandera, gauero eskainiko dute pelikula bana aire librean, Chillida Leku museoko belardian, 21:30etan hasita.

Aire libreko zine zikloa prestatu du Chillida Leku museoak, Zinema Gauak izenburupean; eta gaur hasiko da. Igandera bitartean, pelikula bana eskainiko du­te egunero, Chillida Lekuko belardian, 21:30etatik aurrera.

El padre izango da aurrenekoa, gaur gauean, Florian Zeller zuzendariarena. Anthony izeneko 80 urteko gizona (Anthony Hopkins aktorearen eskutik) da protagonista, burugogorra eta bihurria. Bakarrik bizi nahi du, eta ez ditu onartuko Anne alabak (Olivia Colman) kontratatu nahi izan dituen zaintzaileak, berari etxean laguntzeko. Izan ere, kezkatuta dago alaba, ezin diolako egunero bisita egin aitari, eta nabaritu duelako haren adimena okerrera egiten ari dela pixkanaka.

Bihar, berriz, Minari, historia de mi familia jarriko dute, Lee Isaac Chungena; etzi El fotógrafo de Minamata, Andrew Levitasek zuzendutakoa; eta igandean Pequeño país, Eric Barbierrena.

Emanaldi guztietarako sarrerak eskuragarri daude internet bidez, museochillidaleku.com webgunean. 15 euro dira saio bakoitzerako sarrera, eta horrekin, filmaren aurretik, museoa ere bisitatzeko aukera izango dute bertaratuek, ohiko ordutegitik kanpo, 20:00etatik aurrera. Horrela, Chillida Lekuk aukera eskaini nahi izan die partehartzaileei, «eskulturen arten paseatu eta eguneko une berezi horrek eskaintzen duen tonalitatearekin behatzeko».

Gainera, museoak hamakak eskainiko dizkie partehartzaileei, pelikulaz gozatzeko, eta segurtasun tartea «modu eroso eta atseginean» errespetatzeko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!