«Izugarria izan da bezeroek eta bizilagunek eman diguten maitasuna; gustura etorri gara beti lanera»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 4a, 00:00

Mari Karmen Lopez Gaitan eta Aitor Peña Alvarez, janaridendan.

Ia lau hamarkadako ibilbidearen ondoren, betirako itxi zituen ateak Aitor Peña janaridendak, uztailaren 24an. «Gogorra» izan da agurra, Mari Karmen Lopezentzat eta Aitor Peñarentzat, «baina uzteko momentua zen».

Azkeneko bezeroei arreta eskaini, atea bultza eta karteltxoari buelta eman: Itxita. Egun guztien ohiko bukaera izaten da herriko dendetan, baina egunerokotik gutxi izan zuen uztailaren 24koak, Aitor Peña janaridendan: ia lau hamarkadako ibilbidearen ondoren, azkenekoz biratu zuten karteltxoa, eta betirako itxi zituzten dendaren ateak, Aitor Peña Alvarezek eta Mari Karmen Lopez Gaitanek.

«Oso gogorra izan da agurra. Baina ez denda utzi dugulako mo­du materialean, nolabait esa­teko; baizik eta jendearengatik. Denetik ekarri ziguten, loreak, pastak... Adineko jendeak konfiantza haundia erakutsi dit, eta azkeneko egunak gogoratzean hunkitu egiten naiz oraindik», dio Mari Karmenek. Elkarrizketan zehar ere, behin baino gehiagotan hunkitu da, eta bere esana berretsi du Aitorrek: «inoiz baino negar gehiago egin du egun hauetan, bezeroekin hunkituta. Ni gaixo egon nintzenean, bera bakarrik egon zen, alaben laguntzarekin; eta jendearen aldetik babes haundia jaso zuen. Horregatik, pena haundia eman dio orain denda utzi beharrak».

Bezeroek beti «sekulako babesa» erakutsi diotela nabarmendu du Mari Karmenek: «hitz onak besterik ez dauzkat haientzat. Bertako bizilagunek ere, esan digute etxeko parte ginela, eta gogorra egingo zaiela gu ez hemen egotea aurrerantzean».

Medikuen esanei kasu eginez emango diote bukaera, duela 38 urte hasitako bideari: «esan didate jubilatu egin behar dudala. Orain ondo nagoela, baina ezin dudala lanean segi, zaintzeko eta bizitzeko garaia dela», kontatu du Aitorrek. Eta hori horrela, denda «uzteko momentua» iritsi zaiela ikusi dute: «jendeak galdetu dit, Aitorrek utzi arren, zergatik ez dudan nik jarraitzen. Baina hau bakarrik eramatea oso gogorra da. Orain arte Ane alaba aritu da gurekin lanean, ikasten ari zen bitartean; baina praktikak hasiko ditu orain. Eta beste pertsona bat kontratatzea ez da bideragarria. Gainera, nik jarraituko banu, badakit Aitorrek ez lukeela deskonektatuko, eta la­guntzera etorriko litzatekeela», dio Mari Karmenek.

 

«Honek engantxatu egiten du, eta oso gertuko harremana sortzen da bezeroekin»

Oso gazte hartu zuen denda Aitor Peñak, baina urtetako ibilbidea zeramakien ordurako. 12 urte zituenetik, aitonarekin esne-opilak egiten aritu zen, hiru urtez. Iraola harategian hasi zen lanean gero, eta bertan bost urte egin ondoren, 19 urterekin hartu zuen janaridenda Donostiako Larratxo auzoan: «harategian aritu ondoren, Ansaren denda eskaini zidaten Floridan, eta soldaduska pendiente neukala eta, ez nuen hartu. Baina hortik astebetera, deitu zidaten esanez gehiegi ginela soldaduska egiteko, eta libratu egingo nintzela. Zuzenean deitu nion Ansari... Dagoeneko alokatuta zeukan, ordea. Orduan, Larratxoko aukera suertatu zitzaidan, eta hartu egin nuen, beste lankide batekin. Eta han nengoela, deitu zidaten Spar supermerkatu katekoek, esanez beraien denda bat libre zegoela Hernanin, hementxe; eta zalantzarik gabe hartu nuen», kontatu du Aitorrek. Anaiarekin hartu zuen erdibana, eta lankidea ere etorri zen Hernanira; baina biek utzi zuten urte gutxira, eta Mari Karmen hasi zen lanean.

«Azkenerako, 32 urte egin ditut nik ere», dio Mari Karmenek berak: «hirugarren alaba izan nu­enean, 10 urtez egon nintzen hemen lan egin gabe, nahiz eta laguntzera etorri. Baina Aitor gaixotu zenean, berriro hasi nintzen, eta etxeko guztiek lagundu behar izan zuten».

 

«Supermerkatu haundiak iritsi zirenean, pasa genituen 6-8 urte pentsatzen hondoratu egingo zela denda»

Denbora horretan, pasa dituzte «oso garai txarrak ere, berezi­ki supermerkatu haundiak iri­­tsi zirenean. Pasa genituen 6-8 urte, pentsatzen hondoratu egingo zela denda», kontatu du Aitorrek: «baina pixkanaka eman genion buelta. Aldatu egin genuen saltzeko modua, eta bezeroak fidelizatzeko moduak bilatu genituen. Ezin genuen sartu haundien prezioen borrokan, ez daukagulako zereginik. Beraz, produktu onak bilatu geni­tuen, eta horrek ekarri du bezeroak fidelizatzea. Eta fruta izan da gure indargunea».

«Latako tomatea, adibidez, ber­dina da toki guztietan, eta guk ezin dugu eskaini supermerkatu haundien prezioan. Guri, eskolak ondoan izateak lagundu izan digu; eta pandemia garaian ere, herriak konfinatu zituztene­an, nabaritu genuen. Bat-batean, jende pila bat etorri zen, eta horietako batzuek jarraitu dute ho­na etortzen gerora ere, bereziki fruta erostera», dio Mari Karmenek.

Modu batera edo bestera, eta zailtasunak zailtasun, 38 urtez aritzeak, nekatu baino gehiago, «engantxatu» egin di­tuela dio Aitorrek, bezeroekin «oso gertuko harremana» sortu delako dendan: «familia haundi bat bezala izan da denda hau. Hainbeste bizitu dugu bezeroekin... Goizeko bostetan jai­ki eta lanean ordu asko egin arren, gustura etorri gara beti. Jendeak sekulako erantzuna izan du beti, oso gertuko harremana izan dugu, eta sentimendu asko konpartitu ditugu. Horrek bete egiten zaitu, eta asko balio du. Lanera gustura etortzea, gauza haundia da», dio Aitorrek.

Eta berdintsu hitz egin du Mari Karmenek ere: «ez balitz bakarrik egin beharko nukeelako aurrera, jarraitu egingo nuke. Pozez txoratzen aritu naiz dendan lanean. Jendearekin sekulako harremana izan dugu, eta eman diguten maitasuna izugarria izan da». Eta horregatik, «familia gisa» eskerrak eman nahi dizkiete bezeroei eta bizilagunei, «eman diguten maitasunarengatik. Oso maitatuta sen­titu gara urte hauetan guztietan».

 

Adineko bezero batzuk, «gure aiton-amonak bezala»

Harreman horiek, bizipen bereziak sortu dituzte: «adineko bezero batzuk, gure aiton-amonak bezala izan dira. Edozertarako eskatu digute gomendioa. Medikuari deitzen lagundu, etxeko baldosa bat hausten zitzaienean zer egin esan, NANa kadukatuta zeukatela eta nola berritu... Eta horrek pena ematen dit. Askotan pentsatu dut, Udalak izan beharko lukeela telefono zerbitzu bat, horrelako kontuekin laguntzeko. Gauza txikiak dira, baina ez dute jakiten zer egin. Horrelako gauzekin lagundu izan diegu, eta horrek harreman estua sortzen du». Horregatik, orain, denda utzi berritan, haiekin gogoratzen da Mari Karmen, «eta baita urte hauetan bidean geratu zaizkigun bezeroekin ere», dio hunkituta.

Baina anekdota bitxiak ere gordeko dituzte: «gogoan dut be­hin, betiko bezero batekin izan zuela eztabaida txiki bat Aitorrek, eta esan zion ba ez baduzu nahi, ez etorri gehiago. Eta emakumeak erantzun zion, bai, hori da zuk uste duzuna, baina hementxe egongo naiz egunero, mehatxu modura. Txorakeria bat izan zen, baina oroitzapen polita geratzen zaizu gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!