Gaurtik ikusgai Biterin, nafar errenazimenduari buruzko erakusketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 3a, 00:00

'1620 Loraldia' jarri dute, Hernani Errotzenek antolatuta. Hilabete osoan zehar egongo da bertan, astegunetan zabalik.

Erakusketa «berritzaile bezain interesgarria» jarri du Hernani Errotzenek, Biteri kultur etxean; eta gaurtik egongo da zabalik, abuztuaren 27ra arte: 1620 Loraldia, nafar errenazimenduari buruzkoa. Astelehenetik ostiralera izango da aukera erakusketa bisitatzeko, goizez zein arratsaldez: 09:00etatik 14:00etara, eta 16:30etatik 20:00etara.

«Denetan loriatsu eta oparo­ena izan arren, Nafarroako estatu independentearen azken mendea da gure artean ezeza­gunena», nabarmendu du Her­na­ni Errotzenek. Garai ho­­rri egi­­ten dio erreferentzia era­kus­ketak, hain zuzen ere: «Europan ematen ari zen Errenazimen­du­aren aro­ari begiratzen zion es­tatu garaikidea zen Nafarroa, beldurrik gabe aurrera egi­ten zuena, bere eskubideez kontziente eta harro, berezko hizkuntzaz lotsarik gabe hitz egiten ziona munduari». Hernani Errotzenek azpimarratu nahi izan du, «sendotasun eta sen haundiko erakunde eta agin­tari politiko­ek» gidatu zutela Nafarroako estatu independente hura, eta bere «garai aurreratuenetarikoa» izan zela, politikoki, kulturalki eta sozialki, «harik eta Luis II Nafarroakoak eta Luis XIII Frantziakoak bi estatuak bateratzea erabaki zuten arte».

Panel edo posterren bitartez egin diote errepasoa garai horri, erakusketan. Aritz Ibarrarenak dira paneletako irudiak, eta Nabarraldek osatu ditu testuak. 24 panel dira guztira, euskeraz; eta gaztelaniazko eta frantsesezko laburpen bana dute alboan.

«Bisitatu, interesgarria izango da eta», animatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!