Jon Odriozolak eta Iñigo Legorburuk saria, ipuin laburren lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 3a, 00:00

Jon Odriozola, 2019ko San Joanetako preludioan, aurkezle lanetan.

Tecnunek antolatutako lehiaketan, bigarren saria eskuratu du Odriozolak, eta aipamen berezia Legorburuk, euskerazko ipuinen artean.

Bigarrenez antolatu du Ipuin La­burren Lehiaketa Tecnunek, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskolak; eta oraingoan, bi hernaniarrek jaso dute saria, euskerazko ipuinetan. Izan ere, bigarren saria eskuratu du Jon Odriozola Amigorenak, Postala ipuinarekin; eta aipamen berezia Iñigo Legorburu Arregik, Ostikozko Ukabilkadak ipuinarekin.

Nabarmentzekoa da, gainera, euskerazko ipuinen artean Odriozolarenak jaso duela errekonozimendu nagusia, aurreneko saria hutsik utzi baitute, saridunik gabe. Lortutakoarekin pozik azaldu da hernaniarra: «beti gustatu izan zait idaztea, eta tarteka, niretzako egiten dut. Konfinamendu garaian izan nuen aurreneko edizioaren berri, eta hilabete batzuk beranduago, bigarren edizioan parte hartzeko oinarriak topatu nituen, eta animatu egin nintzen. Saria jasotzeak ilusio haundia egin dit».

Postala kontakizunak «eguneroko pertseberantzia» du oinarri, «umore zertzelada batzuekin koloreztatuta. Azpimarratu nahi izan dut, konstantziak ez duela adinik, eta ezta kaduzidade datarik ere. El que la sigue la consigue esaldi ezagunari egiten dio erreferentzia ipuinak», kontatu du Odriozolak.

Gaztelaniazko ipuinen arte­an, Victor Peñas Nuñez Tecnuneko ikasleak jaso du aurreneko saria, Vienen unos antiguos amigos kontakizunarekin; eta bi­garren saria Maria Ines Heindenreich argentinarrak jaso du, Duque ipuinarekin.

Hutsik geratu da euskerazko ipuinen aurreneko saria, eta hernaniarrenak izan dira bi ipuin onenak, kategoria horretan

Mundu osoko 56 ipuin jaso ditu Tecnunek lehiaketan, eta horietatik sei saritu ditu: bi euskeraz, eta lau gaztelaniaz. Izan ere, aurrez aipatutako hiru sari horiez gain, hiru aipamen berezi egin ditu epaimahaiak.

Euskerazko kontakizunetan, Legorbururen Ostikozko Ukabilkadak ipuinari egin dio aipamen berezi bakarra; eta gaztelaniazko kontakizunetan, bi nabarmendu zituzten: Jose Ramon Ramos Martinezen La mansion de Frankensterin; eta Hector Solar Tecnuneko irakaslearen Compañero de piso.

Hortaz, hernaniarrenak izan dira aurten, Tecnunen lehiaketako euskerazko ipuin onenak.

Irabazleek, jasoko dituzte liburu loteak, Donostiako La Perlako spa zirkuitura sartzeko bonoak, eta San Telmo museorako sarrerak. Fatima Villa doktoretza ikasleak eta David del Rio irakasleak antolatu zuten lehiaketa aurreko urtean, «konfinamenduko egun haietako hausnarketak paperean islatuta geratzeko eta denboran irauteko» helburuarekin. Eta izan zuen harrera onagatik, bigarren edizioa ere antolatu dute aurten, berezitasun batekin: luma, arandano eta eskailera hitzak erabili behar zituzten denek, ipuinean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!