Uztaileko azken Plenoko puntu guztiak aho batez onartu ziren

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 1a, 00:00

Lanbide heziketa eskaintzeko eskumena Udalaren esku geratzen da eta Plenoak 18:00etara aurreratu dira.

Hernaniko uztaileko azken Plenoan deialdiko puntu guztiak aho batez onartu ziren. 20 minutu bakarrik iraun zuen eta alderdi guztiak ados jarri ziren puntu bakoitzean. Punturik aipagarrienetakoetan PSE-EEren mozioa eta Osoko Bilkuren ordu aldaketa, aho batez onartu ziren. Hemendik aurrera Plenoak 18:00etan hasiko dira eta beraz ordubete aurreratuko dira. 


PSE-EEk bere mozioan bide publikoan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea eskatu zuen. Alderdi guztiek onartu zuten. 


Ricardo Crespo, sozialisten bozeramaileak, urtebetean puntu ezberdinetan jartzea eta horretarako Udalak sortzen diren dirulaguntzetara aurkeztea ere proposatu zuen. EH Bilduk alde bozkatu zuen eta Mattin Aldaia zinegotziak nondik lortzen den energia hori kontuan hartu behar dela adierazi zuen eta horretarako plangintza energetikoak egin behar direla, «instalazio txiki askoren kontzeptua edukiz».  EAJ poztu zen eta alde bozkatu zuen.


Plenoaren hasieran hirugarren puntuan, aurrekontuaren dirulaguntza eranskina aldatzeko proposamena onartu zen. Nekazaritza sustatzeko partidetara bideratzeko egin zen. 


Laugarren puntuan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren akordio proposamena onartu zen. Honela, oinarrizko lanbide heziketa eskaintzeko eskumena Udalaren esku uzten da. Bosgarren puntuan Udaleko zenbait eraikinen garbiketa zerbitzuaren adjudikazioa Zaintzen S.A enpresari ematea ere aho batez onartu zen.


Seigarren puntuan udalerriko larrialdi planaren eguneratzea onartu zen. Gaur egungo ezaugarrietarra egokituko da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!