Lokal huts baten alokairua edo erosketa errazteko dirulaguntzak emango ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 1a, 00:00

Programa honen aurrekontua 50.000 eurokoa izango da, jarduera ekonomiko berri baten sustatzaileentzako.

Hernaniko Udalak dirulaguntzak emango dizkie jarduera ekonomiko berri baten sustatzaileei, herriko lokal huts baten alokairuaren edo erosketaren kostuaren zati bat estaltzeko. Programa honen aurrekontua 50.000 eurokoa da.


Dirulaguntza hori jasoko dute jarduera ekonomiko berri bat abian jartzeko Hernaniko lokal hutsak alokatzeko edo erosteko kontratuak, industrialdeetan daudenak izan ezik, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra arte sinatuak. Baita Guztion programan parte hartu duten Hernaniko lokal hutsak alokatzeko edo erosteko kontratuak, jarduera ekonomiko berri bat abian jartzeko, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 29ra arte sinatuak.


Alokairurako dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartzen den prezioa alokairu garbiaren kostua da, zergak kenduta. Sustatzaile eta lokal berarentzako dirulaguntzek gehienez bi urteko iraupena izango dute.


Lehenengo urtean, kostuaren %50eko dirulaguntza emango da, eta hilean 500 euro gehienez. Bigarren urtean, kostuaren %40ko diru-laguntza emango da, eta hilean gehienez ere 400 euro.


Lokala erosteko diru-laguntza prezioaren %5ekoa izango da, zergak kenduta, gehienez ere 10.800 eurokoa.


Jarduera ekonomiko berria sortzeko laguntzei dagokienez, justifikatutako kostuen %50 izango da, eta jarduera bakoitzeko gehieneko muga honako hau izango da: 2.000 euro, eraikin babestuetako lokaletarako. 1.000  euro gainerako kasu guztietarako.


Hutsik dauden lokaletan honako jarduera hauek egin beharko dira: Txikizkako herri merkataritzako jarduerak, azken bezeroarekin edo herritarrekin harreman zuzena dutenak; kale eta eremu jakin batean biziberritze ekonomiko eta sozialerako lagungarria izango dela jotzen den bestelako edozein jarduera komertzial; pertsonei zuzendutako zerbitzuak, ausazko jokoen eta apustuen jarduerak izan ezik.  Eskaera orria eta oinarriak www.hernani.eus webgunean daude eskuragai eta dirulaguntza eskatzeko epeak honakoak dira: abuztuaren 31a jarduera berri guztientzako eta urriaren 29a Guztion programako lokalen bat erosi edo alokatzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!