«Floridatik Zubiondoko zubira irteera zuzena egitea da gure proposamena»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 31a, 00:00

Florida auzotik irteera berri bat egitea da proposamenetako bat.

EAJ-PNVk, Udal Gobernuari Floridan bide berria egiteko aurreproiektua aurkeztu dio.

EAJ-PNVk, aste honetan bertan, EH Bilduko Udal Gobernuari aurreproiektu bat aurkeztu dio. Bertan, Floridatik Zubiondoko zubira irteera zuzena eskaintzen duen bide berria egiteko proiektua aurkeztuko du. «Auzotarren eskaria izan da, eta gure herriaren eremu honetarako behar historikoa. Irtenbide horrek murriztu egingo du Zinkoneako trafikoa, ibilgailuen ibilbidea eta kutsadura», adierazi du alderdi jeltzaleak.


EAJ-PNVk bere aurreproiektua aurkeztu du, eta bertan hilabeteak daramatza lanean «trazatu berri honek Florida amaieran dagoen lurpeko pasabidea aprobetxatuko luke, gaur egun erabiltzen ari dena, bere zabalera eta altuera haundituz. Biribilgune berri bat eraikiko litzateke Etxeberriko sarreran, eta errepide bat haren eta tunelaren artean, Zubiondoko zubira zuzenean irteteko».


Amonarraizek EAJ-PNVren proposamena azaltzen jarraitzen du, baita «proposatzen duten sarbidea egiteko arrazoiak ere eta ez Arau Subsidiarioetan jasotzen dena. Arau Subsidiarioak onartu zirenean, ez zen kontuan hartu Renfek (Adif) ez zuela onartuko tunel bat egitea planteatzen den formarekin, eta, hori aldatu behar zenez, paper-fabrikaren gaineko eraginak oso garrantzitsuak dira (eraikin elektrikoak, ekoizpen-dorreak eta transformadoreak). Ez dakigu enpresa aldi baterako itxi beharko litzatekeen edo arauetan agertzen den bidearen eraikuntzak sortuko lituzkeen arazoek jarduera behin betiko ixtea ekar lezaketen, eta, beraz, ez dugu baloratu».


Gainera, EAJk uste du paper-fabrika eta Landare aurrean dauden enpresak desjabetu beharko liratekeela errepidea eta espaloia zabaltzeko; proposamen horrekin, «Floridatik irteteko trafiko guztia eramaten da Landare inguruko errepidera, eta, gaur egun, Landare eta Zubipe inguruan dauden ibilgailuek beteko dute eremu hori. EAJ-PNVren proposamenak aukera ematen du belar artifizialeko zelai berri bat egiteko beharrezkoa den eremua errespetatzea, errugbi eta futbol kluben eskaera historikoa asetuz. Eremu hori ezingo litzateke eraiki gure ustez egokiagoa den lurzatian, Arau Subsidiarioetan agertzen den bideak inbadituko bailuke. Eragin horiek guztiak ikusita, EAJ-PNV beste irtenbide batean lanean hasi zen».


EAJ-PNVko bozeramaileak argitu duenez, «gure proposamenak ere badu eragozpen bat, hirigintza fitxa bat aldatu behar da eta, egungo jabeen eskubideak murriztu gabe, bide berri hau egin ahal izatea ahalbidetu behar da. Aurkitu dugun eragozpen bakarra da prozedura mantso samarra dela».
Amaitzeko, Amonarraizek dioenez, «EAJk nahi duen gauza bakarra da behar guztiei irtenbidea emango dien proposamen arrazional bat aurkeztea (Floridatik irteera berria, errugbi eta futbol taldeen beharrei erantzutea eta trafikorik gabeko ingurunea mantentzea), afekzioak ahalik eta gehien murriztea (Papelera eta inguruko enpresak) eta ahalik eta diru publikorik gutxienarekin egitea. Hori da kargu publikodunei eskatu behar zaiena eta EH Bilduri aurkeztu diogu proposamena». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!