Papelera Zikuñaga txapelketaren hirugarren edizioko zazpi finalak jokatuko dira gaur kiroldegiko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 31a, 00:00

Xuban Goñi eta Xuban Iturbe (ezkerrean), final laurdena hasi aurretik.

Hernani eta Astigarragako zortzi pelotari ariko dira lau final ezberdinetan. Goizekoak 11:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak 16:30etan.

Papelera Zikuñaga txapelketaren zazpi finalak jokatuko dira, jardunaldi bikoitzean, gaur goizean eta arratsaldean. Hernanin oso-osorik jokatu da txapelketa pribatu hau, paper-enpresak babestuta eta C.D. Hernanik antolatua.

Bailarako zortzi pelotari astigartar eta hernaniar izango dira finaletako protagonistak; sei goizean ariko dira eta beste bi arratsaldean.

Goizeko 11:00etan kadeteen bigarren mailako finala jokatuko da. Xuban Iturbek eta Xuban Goñik, Lizarazu eta Berozen aurka jokatuko dute.  Bikote hernaniar-astigartarra da faborito.

Ondoren, C.D. Hernaniko hiru pelotarik kadeteen lehenengo mailako finala jokatuko dute; Manex Martin eta Oier Alegria, Julen Deskarga eta  Lapkeko Erauskinen aurka ariko dira. Aldez aurretik partidu berdindua ikusten da, baina protagonista baten eskuek asko baldintzatu dezakete partidua.

Jaialdiko hirugarren eta azken partiduan, jubenil bigarren mailako finala jokatuko da. Jon Jara hernaniarrak, Kañamaresekin batera, Labaka eta Goibururen aurka jokatuko du. Aldez aurretik, partidu hau ere parekatua espero da.

Arratsaldean, 16:30etan hasiko da jaialdia. Jubenil lehenengo mailan Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal bikote hernaniarrak, Kerejeta eta Belokiren aurka jokatuko du. Hemen ere partidu berdindua espero da.

Ondoren nagusien azken bi finalak itxiko dute txapelketa, pelotari hernaniar eta astigartarrik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!