Uda atipikoa eta zaila izaten ari da dendarientzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 00:00

Merkealdiak ez dira onak izan Hernaniko dendarientzat. Arrazoiak bi izan dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzak merkealdien araua aldatu zuenetik, merkatua liberalizatu egin da. Horrek merkatari txikiei egin die kalte, eta kate haundientzako onuragarria izan da. Garai batean, udarako merkealdiak uztailaren 1era arte ezin ziren hasi, baina gaur egun katea haundiak ekainean hasten dira beherapenekin. Komertzio txikiek salmentak izan ditzaketen datetan, haundiekin ari dira zuzenean lehiatzen, horrek dakarren zailtasunarekin.

Udaberriko eta udako denboraldiak ez dira onak izan, eguraldiak ere ez zuelako lagundu; eta merkealdiak ez ziren hobeto hasi. Horri gehitzen badiogu pandemiak eragindako egoera, balantzea ez da ona izan dendari txikientzat. Beraz, uda atipikoa ari da izaten Hernaniko merkatarientzat. Gainera, eguraldi txarrarekin salmentak oraindik eta txikiagoak dira. Aldagai ezberdinen aurka borrokatzen ari dira, baina etsi gabe. Pasa den asteko merkealdien azokak arrakasta izan zuen, eta eskertzekoa da herritarren erantzuna, baina errealistak izan behar gara, eta udaberri-udarako kanpaina ez da ona izan.

Berriaketik azpimarratu nahi dugu, era berean, aforo mugatuaren neurriak zentzu askorik ez duela. Uste dugu %35eko muga oso baxua dela, neurriak hartzen direnean. Gainera, beste eremu batzuetan ez dago mugarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!