Hondakinen kudeaketa plana hobetzeko, alegazioak eta eskaerak aurkeztu dizkio Hobekik Jaurlaritzari

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 00:00

Hobeki elkarteko kideek aurkeztu zituzten alegazioak, atzo, Hernaniko udaletxean.

Hernanin aurkeztu zituen atzo hondakinen kudeaketa sustatzeko sortutako toki erakundeen sareak. Bederatzi alegazio eta eskaera ezberdinak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzak ekarpen horiek kontuan hartu ditzan.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 12an argitaratu zuen 2030eko Hondakinen kudeaketa eta prebentzio plana. Hori aztertu du Hobeki elkarteak, eta alegazioak prestatu ditu, plana hobetzeko. Hobeki elkartea Euskal Herriko hainbat udalek osatzen dute, eta hondakinen kudeaketa hobetzea sustatzeko sortutako tokiko erakundeen sarea da.

Eusko Jaurlaritzak prestatu duen planaren indarguneak azpimarratzeko eta hutsuneak betetzeko helburuz, lau saiotan elkartu ziren hainbat ingurumen teknikari eta udal ordezkari. Lan horren ondorioz, bederatzi alegazio eta hainbat eskaera osatu ditu Hobekik, abuztuaren 18a baino lehen aurkezteko. Hernanin aurkeztu zituzten atzo.

Eskaerak ondokoak dira: Eus­kal Autonomia Erkidegoan pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea; plangintza honetan gailuen 'konpontzeko eskubidea' sartzea; ekoizlearen erantzunkizun zabaldua ezartzea; gailu elektronikoentzat ere aurreikustea; gurpiletan, metaletan eta abar zirkulartasuna bultzatzeko neurria sustatzea; eta plan honek Ekonomia Zirkularraren EAEko planarekin nola bat egingo duen zehaztea.

 

Jaurlaritzaren planaren helburuak «asmo hutsean» ez geratzeko bermeak

Alegazioei dagokienez, lehenak eskatzen du zehaztea plan honetan agertzen diren helburuak zein puntutaraino diren arau-emai­leak eta lotesleak, ez dadin plan hau asmo hutsean geratu.

Bigarren alegazioarekin, berriz, eskatu dute planak bere baitan jaso ditzala indarrean dauden legedi eta araudiek ezarritako edukiak, eta berma dezala eduki horiek bat datozela mota honetako plan batek jarraitu behar dituen araudietan finkatutako ildoekin.

Hirugarrenean eskatzen da, hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plan honek jasotzea udalek hiri hondakinak kudeatzeko duten berezko eskumena. Honekin nolabaiteko lotura du bosgarren alegazioak: Hiri Hondakinen Koordinazio Organoa (HHKO), organo betearazle eta erabakitzaile ofizial izendatzeko aukera bertan behera geratzea eskatu dute bertan, bi erakundeen arteko «koordinazio gune bat baino ez delako, eta ez delako administrazio organo bat».

Seigarren alegazioan, es­katu dute aurkez daitezela kronologikoki garatuta egongo diren aurrekontuak, diru kopuru horien partida zehatzagoak definituz, erabilpena zehaztuz, eta antolaketa definituago bat adieraziz. Izan ere, diote plan honetan funtsezko jardueretan agertzen diren aurrekontuak, «ez zehatzak» direla eta «hainbatetan nakatsez josita» daudela.

Zazpigarrenean, berriz, plan honen jarraipena zehaztea eskatzen da. Adierazleak kalkulatzeko formulez gain, orobat azaltzea nolakoak izango diren adierazle horien informazio-itu­rriak eta tratamendua, edo nola zabaldu eta kontsultatuko den jarraipenerako informazioa, besteak beste.

Funtsezko jardueretan, «hainbat hutsune zuzendu eta hobetzeko»

Zortzigarren alegazioan, funtsezko jardueretan topatu diren «hainbat hutsune zuzendu eta hobetzeko» ondoko proposamenak zehaztu dituzte:

Lehenengo funtsezko jardueran, hondakinen sorrera gutxitzeko industriara bideratutako diru laguntzez ari da, besteak beste. Eskatzen dena da, bermatzea hor planteatzen diren diru laguntzak hondakinen prebentziora bideratuko direla.

Bigarren funtsezko jardueran, kontraesanak topatu dira. Izan ere, jarduera berean kokatu dira, zabortegiak ixtea eta, aldi berean, zabortegiak haunditzea. Horren aurrean, eskatu dute zabortegiak haunditzeko aukera erabat murriztea.

Hirugarren funtsezko jardueran, hondakinei dagokien hainbat lege-garapen agertzen dira «oso modu nahasian». Tartean, sorkuntzaren araberako ordainketa arautzea. Gai hau hondakinen prebentzioan «ezinbestekoa» dela kontuan hartuta, Hobekitik eskatu dute plan honek bermatu dezala «sorkuntzaren araberako ordainketa eredu bat sustatuko dela EAEn».

Laugarren funtsezko jardueran, zabortegietara bideratutako hondakinen kanona aipatzen da. Eskaera da, kanon hau errauste plantara bideratutako hondakinei ere ezartzea, kanon bera izatea EAEko hiru lurraldeetan, eta kanon hauetatik jasotako diruaren ehuneko altu bat, hondakinen prebentziora eta Tokiko Erakundeetara bideratzea.

Seigarren funtsezko jardueran, Zaldibarren gertatutakoak gertatuta, eskatzen dena da, azpiegitura hauek erabateko kudeaketa publikoa izatea.

Zazpigarren funtzesko jardueran, zabortegietan bukatzen duten plastikoei irtenbidea bilatze asmotan, plastiko hauek bereziki erraustegira bideratzea aipatzen da. Honen aurrean, Hobekitik, hondakinen kudeaketarako hierarkia errespetatzeko eskatu dute; esaterako, plastiko­aren prebentziorako ekintza sorta bat osatuz.

Azkeneko funtsezko jarduera, edukiontzien berrerabilpen eta kalitate altuko birziklapenari buruzkoa da, eta Hobekitik hainbat zuzenketa planteatu dizkiote. Alde batetik, kalitatezko birziklapena zer den zehaztea; bestetik, guzti honek bete beharreko epe, merkaturatze eta diseinu obligazioak ezartzea; eta azkenik, baita guzti honen kontra doazen ekintzak debekatu eta zigortzeko araudia zehaztea ere.

Bio-hon­dakinei buruzkoa da aurkeztu duten bederatzigarren alegazioa. Hobekitik, bio-hondakinak kudeatzeko hainbat neurri sartzea eskatu dute: elikaduran xahubideari aurre egiteko neurriak; udal guztietan bio-hon­dakinen bilketa ezartzea; bio-hon­dakinen kudeake­taren gertutasun printzipioa le­henestea; eta bio-hondakinetatik sorturiko konpostaren erabilera anitza sustatzea.

Aipatutako alegazio eta eskaera guztiak, EAEko udal guztien esku jarri ditu Hobekik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!