Plax!

Gogoaren indarra

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 28a, 00:00

COLLAGE IRUDIA: GOGOAREN INDARRA

Motibatuta, gogoz, ilusionatuta egotea ezinbestekoa dugu aurrera begira gure proiektu pertsonala, gure bizitza bideratzeko.

Aldiz, ilusio falta dugunean, etsituta eta itsututa baldin bagaude, ezin dugu apur bat haratago ikusi.

Garrantzitsua da alor honi begira jarri eta honako galderak erantzuten saiatzea. Koadernotxo bat hartu eta erantzunak zirriborratzera gonbidatu nahi zaitugu, idatziz edo marrazkiak eginez:

· Erritmoa jaitsiko banu, gauzak desberdin bizi eta gozatuko al nituzke? Zer izango litzateke desberdina? Zein beste aukerei emango nieke lekua? Zer gehiago dastatuko nuke gustora? Erotikoki zein ondorio izango luke?

· Naturan murgilduko banintz, zerekin konektatuko nuke? Nor eramango nuke nirekin? Bakarka ala konpainian nahiago? Zergatik, eta zertarako? Zerbait edo norbait soberan al dago nire bizitzan?

· Isiltasunean murgiltzen naizenean, nola sentitzen naiz? Hobeto ala okerrago? Ilusionatuta ala beldurtuta? Bakarrik ala konpainian sentitzen naiz? Hutsunea datorkit ala etorkizuneko ametsez betetzen zait irudimena?

· Bakean egoteko, zer dut faltan? Norbait? Zerbait? Harremanen batean pauso bat ematea? Lanen bat bukatzea? Norbaiti ezezko bat ematea? Nire buruari baimenen bat ematea? Atzean esperientziaren bat utzi eta betirako ixtea? Nola eragingo luke nire sexualitatean?

· Bat-batekotasunari eta sormenari ematen al dizkiot aukerak? Gai al naiz planifikatu gabeko zerbaiten aurrean baietz borobil bat eman eta ausardiaz zerbait berria egiteko?

· Nire ideien, emozioen, desiren eta ekintzen artean ba al dago koherentziarik? Zerbait edo norbait asko gustatzen zaidala diot baina gero ez dut ezer egiten hori lortzeko? Non eteten dut bidea?

· Nire ametsak betetzeko eta auto-errealizazioan aurrera pausoa emateko zer egin dut gaur nik? Zer egin dezaket txikia bada ere, norabide horretan joateko? Nola aldatuko litzateke nire elkarbizitza besteekin?

Gogobetetasunaren lehen pausoa, ilusioa da, guztiaren motorra, gure bizitzari zentzua ematen diona. Eta ilusioei begira egiten dugun bidea da gure abentura, gure biografia, alegia. Zu, orain, ilusionatuta al zaude?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!