Prestazioen %50 ordaindu beharko dio Krosaki AMR enpresak, Mohamed Ben Ali hernaniarraren familiari

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 00:00

«Pozik» azaldu da Asviamie, epaiak atzera bota dituelako Gizarte Segurantzaren eta Lan Ikuskaritzaren «argudio prebarikatzaileak».

Urtetako joan-etorriaren ondoren, eman du bere epaia Donostiako Auzitegiak, eta Mohamed Ben Ali hernaniarraren familiaren aldekoa izan da: alarguntasun eta umezurztasun prestazioen %50 ordaindu beharko du Krosaki AMR Refractarios enpresak, prebentzio neurrien faltak eragin zuelako Ben Aliren minbizia eta heriotza. Hala jakinarazi du Asviamie elkarteak.

1970etik egin zuen lan AMR Refractarios enpresan. 1990an, gaixotasun arruntagatik, ezintasun iraunkorraren ondorioz, prentsetako lanean aritu zen, eta epe laburretan, karretillarekin, nahasgailua garbitzen eta labeetan. 2014an diagnostikatu zio­ten biriketako neoplasia, metastasi pleurala eta EPOC (biriketako gaixotasun kroniko obstruktiboa). 2014ko urrian hil zen.

2015eko apirilean, Gizarte Segurantzak erabaki zuen laneko gaixotasunak eragindakoa zela heriotza, eta haunditu egin zituen alarguntasun, biziraupen eta umezurztasun pentsioak, Ben Aliren senideentzat. Baina 2016ko martxoan, ebatzi zuen prestazio horiek ez ematea, lanpostuaren segurtasun neurri faltagatik.

2017ko ekainean, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 168.759,63 euroko kalte ordaina ezarri zuen, enpresak familiari ordaindu beharrekoa. Sententzia hori oinarri hartuta, Gizarte Segurantzaren erabakia atzera botatzea eskatu zuen familiak, eta enpresa egitea prestazio horien %50aren erantzule, segurtasun neurrien faltagatik. Epai­ke­ta bertan behera geratzea es­katu zuen enpresak, eta pro­posatu zuen %30era jaistea kopuru hori, hildakoa erretzailea zela argudiatuta. Gizarte Segurantza, bere aldetik, familiaren eskaeraren kontra azaldu zen, argudiatuz ezin zela ziurtatu loturarik, gaixotasunaren eta prebentziorako araudia ez bete izanaren artean.

Asviamiek azaldu du, Osalanen txostenak jasotzen zituela «Lan Ikuskaritzak enpresari egindako hainbat eskaera, 1975-1979 urteetan, silikosi arriskua adieraziz eta lanpostuan hautsaren gehienezko balioak gainditzen zirela zehaztuz. Hautsa xurga­tzeko gailuak ez zeuden egoera onean, eta hainbat lanpostutan, prentsetan esaterako, altua zen silize, hauts eta formaldehido kontzentrazioa, alkitran balio toxikoak ere detektatuz».

Hori oinarri hartuta, familiaren eskaera onartu du Donostiako Auzitegiak. Amiantoarekin loturarik ez izan arren, epaiarekin pozik azaldu da Asviamie, baztertu dituelako Gizarte Segurantzaren eta Lan Ikuskaritzaren «argudio prebarikatzaileak. Lo­tsarik gabe esan dute gezurra, eta alde batera utzi dituzte enpresari behin eta berriro egindako eskaerak, 70 eta 80ko urteetako lan baldintza izugarriengatik». Haien jarrera, laneko minbiziaren biktimentzat «burla onartezina» dela dio, eta ahalbidetzen duela «minbizia askoren laneko jatorria ezkutatzea eta prebentzio neurriak ez betetzea. Lanarekin lotutako heriotzen %53a eragiten du minbiziak, eta presazkoa da neurriak hartzea», adierazi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!