Josu Altunak eta Mikel Lasak aukera, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 25a, 00:00

Julen Deskarga nagusitu zitzaion Unax Manterola herrikideari, atzoko semifinalean.

Hernaniko lau esku pelotari sailkatu ziren Zikuñaga Papelera torneoko finalera atzo. 10:00etan hasiko da gaurko jaialdia.

Hasi dira Zikuñaga Papelera txapelketako semifinalak, eta atzo, lau hernaniarrek lortu zuten finalera sailkatzea, dagoeneko. 18-2 irabazi zuten Xabier Apaolazak eta Anartz Oiartzabalek, jubenilen lehenengo mailan, Tolosako Iraetaren eta Intxurreko Uzkudunen kontra. Irabazi egin zuen Jon Jarak ere, Barañaingo Kañamaresekin, Txarutako Lakostaren eta Apeztegiaren kontra (18-14), jubenilen bigarren mailan. Eta hernaniarren arteko lehian, kadeteen lehenengo mailan, Julen Deskarga nagusitu zen, Lapkeko Erauskinekin, Unax Manterolaren eta Intzako Urdanpilletaren kontra (18-17).

Beste bi hernaniarrek izango dute finalerako pasea lortzeko aukera, gaur: Josu Altunak eta Mikel Lasak jokatuko dute, nagusien bigarren mailan, Intxurreko Zabalaren eta Larraungo Galarzaren kontra. Kiroldegian izango da, 10:00etan hasita.

Eta bihar, azkenik, bailarako beste lau pelotari ariko dira semifinaletan. Kadeteen bigarren mailan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak jokatuko dute, 18:00etan, Añorgako Arrutiren eta Zazpi Iturriko Plazaolaren kontra. Eta segidan, kadeteen lehenengo mailakoa jokatuko dute Manex Martin eta Oier Alegria hernaniarrek, Oiarpeko Leoneten eta Mitxelenaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!