«Harrotzen taldea babes sare bat izatea nahi dugu, konfiantzazko gune segurua»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 25a, 00:00
Harrotzen talde feministako kideak, ostiral arratsaldean, Tilosetako eskaileretan egin zuten aurkezpenean.

Ostiralean aurkeztu zuten Harrotzen talde feminista berria, «gazte feministon beharrei erantzuteko baliabideetan hutsunea» sumatuta.

Harrotzen talde feminista sortu berri dute Hernanin, eta ostiralean egin zuten aurkezpena jendaurrean, Tilosetako eskaileretan. Azkenaldian nabaritu duten hutsune bati erantzutea da taldearen asmoa: «Hernanin historikoki izan du presentzia haundia feminismoak; baina azkeneko urteotan, hutsune bat su­matu dugu gazte feministon problematikari zein gure beharrei erantzuteko baliabideetan. Herriko nesken* artean harreman falta bat dagoela nabaria da, eta horregatik, gazte talde feminista baten beharra ikusi dugu», azaldu dute.

Talde hori, «babes sare bat» izatea nahi dute: «konfiantzazko gune seguru bat, egunerokoan jasaten ditugun erasoei denon artean erantzuteko ahalmena izango duena. Gainera, gaur egun bizi dugun krisi anizkoitzarekin, ezinbestekoa zaigu sistema cisheteropatriarkal kapitalista eta arrazistari aurre egitea, feministen artean batu eta elkar zaintza zein komunitatea erdigunean jarriz».

Buruntzaldeako Neska* Gazteen sarearen sorrera, iturburu

Azaldu dutenez, hainbatetan elkartu dira urtean zehar, taldearen sorreraren lehenengo pau­soak emateko, tailer eta topake­ta ezberdinen bitartez. Horretarako, «ezinbestekoa» izan da Buruntzaldeako Neska* Gazteen sa­rearen sorrera, eta horren baitan «sortu diren ekintza ugariak».  Horien artean nabarmendu dituzte, aurreko asteburuan Usurbilen egin zituzten Udaleku Feministak, «non aisialdia eta formakuntza nahastuz, gure arteko saretzea indartu genuen».

Udaleku horietatik «biziberrituta» bueltatu direla adierazi dute, eta Hernani «errotik eraldatuko duen gazte talde feminista» izango dela aurkeztu berri dutena. «Euskal Herriko Neska* Gazteak dinamikaren baitan sortu da Harrotzen. Izan ere, ardatz nagusiak dira gure izaera gazte, euskaldun eta feminista. Asko dira azken urte honetan sortu diren taldeak, dinamika honen loraldiari jarraiki; horien artean, Lasarteko aSUnak eta Andoaingo Traka. Guk ere, haien lehenengo pausoak jarraituz, gure bidea egin nahi dugu, borroka honetan gure alea jarriz».

Eta aldarrikapen batekin bukatu zuten aurkezpena: «gure gainetik harrotu zineten; orain gu gaude harrotuta, eta zapaldutako lurrak harrotzera gatoz!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!