Bilaka kolektibo baionarraren dantza ikuskizuna gaur, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Bilaka kolektiboko kideak, 'Basaide' pieza dantzatzen. Argazkia: Sarah Witt

'Distantzian' eta 'Basaide' piezak eskainiko dituzte, 20:00etan hasita. Gonbidapena eskuratu behar da aurretik.

Dantzak hartuko du protagonismoa gaur, Uda Hernanin kultur programazioaren barruan. Izan ere, emanaldia eskainiko du Bilaka kolektiboak, arratsaldeko 20:00etan hasita, Atsegindegin.

Bi dantza pieza eskainiko di­tu artista kolektibo baionarrak, ordu erdiko saioan: Distantzian eta Basaide. Eneko Gil da koreografiaren arduraduna, eta Paula Olazena eta Julen Achiaryrena da konposizioa. Bost dantzari ariko dira taula gainean, euskal dantzaren sustraiak eta adierazpen abangoardistak uztartzen dituzten bi piezak eskaintzeko.

Dantzariz eta musikariz osa­tutako kolektibo bat da Bilaka, euskal musika eta dantza herrikoiak «gaurkoan aktibatu nahian» dabilena. Bi ardatzetan garatzen du bere lana: «idazkera berriko ikusgarrien sorkuntza, euskal ondare immateriala oinarritzat hartuz; eta euskal kulturaren praktika bizia eta lotura soziala bultzatzeko hitzordu berri batzuen sorrera, dantzaldi eta hitzordu herrikoien inguruan».

Doakoa izango da emanaldia, baina horretaz gozatu ahal izateko, aldez aurretik eskuratu behar dira gonbidapenak, Biterin kultur etxean, edo kultura.hernani.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!