«Jarraitu dezagun lantzen Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko laguntasun harremanak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Jeanine Etchegaray, 99 urteko emakumea, omendu zuten Alduden, iheslariei laguntzeko egindako lanagatik.

Ekainaren 18tik 20ra, omenaldiak eta bi eguneko oroimen historikoko mendi martxak antolatu zituen Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak; eta bertan jaso eta bizitakoaren kontakizuna ekarri digu Joe Linehan hernaniarrak, elkarteko lehendakari denak.

«Etorri gara omenaldia egitera mugaren alde banatan, bai Ipa­rraldean eta bai Hegoaldean, dauden guztiei eta duela laurogei urte Europa nazitik ihes egiten lagundu zietenei, mugalariei, edota zuloen eta logistika­ren arduradunei; eta baita iheslariei ere. Garrantzitsua da oroimen historiko hori belaunaldi gazteetara pasatzea; azken finean, haien ondare historikoa baita». Ekainaren 18tik 20ra egin zituz­ten omenaldiak, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak antolatuta, mugaren bi aldeetako herrietan: ostiralean  Hernanin, Loidiko oroitarriaren aurrean, bertako lau mugalarien omenez; larunbatean Donibane Garazin eta Bankan; eta igandean Alduden eta Elizondon. Azkeneko lau herri horiek lotuz, mendi martxa ere egin zuten bi egunez. Eta horela gogoratu zituzten, Pirinioetan zehar sortu eta baliatu zituzten ihes lerroak, Bigarren Mundu Gerran.


Eta egun berezi haietatik hilabete igaro bada ere, bertan entzun eta bizitakoak oso gogoan dauzka Joe Linehanek, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteko lehendakariak. Egun ho­­­rietako testigantza eta adierazpenak ekarri dizkigu orain. Esaterako, Yves Castainge historialariak Alduden egindakoa, martxaren bi­garren egunean, abiatu aurretik:


«Mugatik hain gertu egonda, nola ez aipatu bertan emandako urrats klandestinoak, ihes lerro ugariren sorrerarekin, eta logistika oso bat martxan jartzearekin? Gidak, anfitrioiak eta kontrabandistak, gerlariei ihes egiten lagundu zietenak, eta baita familia juduei erresistentziako kideei eta abiadoreei ere. Nazien 1942ko okupazioaren ondoren, derrigorrezko lan zerbitzua ezarri zutenean, izugarri areagotu ziren ihesaldiak. Eta horregatik, oroitu nahi ditut iheslari haiei gauez lagundu zieten kontrabandistak, etsaiaren eskuetan erortzeko arriskua presente izan arren. Madame Erreca gogoratu nahi dut, Baïllea Hotelaren aurrealde honetan. Establezimendu hau kudeatzen zuen berak, oso emakume aktiboa zen, eta jende askori lagundu zion. Janine Etchegaray bere alabak ere, gure artean dagoenak, parte hartu zuen ekintza patriotiko hartan. Vaudevire sare klandestinoak 39 euskal agente zituen, eta Michel Alliot zen zuzendaria. Berak esan zuen, sare hartako kide izan gabe, Erreca andreak 150 bat lagun pasa zituela mugaz bestaldera. Beraz, egin diezaiegun omenaldia emakume eta gizon ausart hauei, beraien bizitza arriskuan jarri zutenak nazismoaren kontra borrokatzeko. Erresistentzia haiek ahalbidetu ziguten, gaur egun dauzkagun bakea eta askatasuna lortzea».


Ondoren, lore sorta eskaini zioten Jeanine Etchegarayri, hitz horien omenaldia borobilduz.

«Arrazoi ezberdinengatik aritu zen jendea sare horietan, baina denek hartu zuten arriskua»
Elizondon bukatu zuten bigarren etapa hura, eta bertan, honako hitzaldia eskaini zuen Joseba Otondok, Baztango alkateak:


«Oroimenak ariketa kolektiboa izan behar du, gertatutakoaz ikasteko baliagarria izan dadin, eta behar izatekotan, berriz ez gertatzeko baldintzak paratzeko. Marxek erran zuen historia bitan gertatzen zela. Lehendabizikoz tragedia haundia bezala, eta bigarrenekoz fartsa ziztrin bezala. Horrela, Marxen erranari kasu eginez, oroimenak, ahal den neurrian bederen, tragediak saihesteko balio behako luke, eta gertakari historikoen ahanztura edo desitxuratzea ekiditeko. Hala, gaurko egunean hainbertze gizon eta emaztekiren balio demokratiko eta antifaxista oroitu nahi dugu. Toki honetan buruilean inauguratuko den eskultura da­go, eta bertzeren artean, gerra zibilean eta gerra ondoan, eta Bigarren Mundu Gerran ere bai, faxismotik eta nazismotik ihes egin zuten ehunka jendeen pasan laguntzeko Baztanen izan ziren laguntza-sareak  oroitu eta omendu nahi ditu. Sare horietan parte hartu zutenetako aunitzek konpromiso politiko sendoarengatik egin zuten. Bertze batzuek gizatasunez. Eta interes ekonomikoagatik aritu zirenak ere izan ziren. Baina denek hartu zuten arriskua, sareen erorketek eta errepresioak erakusten duten moduan. 2021ean, aldi nahasi eta oldarkor honetan, beharrezkoa da balio demokratiko eta antifaxistak goraipatzea gizateria solidario, bidezko eta ekologikoa eraikitzeko».


Elizondon bertan ere hartu zuen hitza berriro, Yves Castainge historialariak:


«Baionakoa naiz ni, eta Bigarren Mundu Gerrari buruzko bilaketak egiten ditut. Aurrena, omendu nahi nuke León Cabillon, Baigorrikoa, erresistentzia kidea. Aldudetik hona, Elizondora, makina bat iheslari igaro ziren, Rosa Echeniquek bere aita Alfonsori buruz eman zigun testigantzak erakusten duen bezala. Berak esan zidan, aitak gutxi kontatu ziela Bigarren Mundu Gerran egin zituen jarduera haietaz; baina errelato bat eman zidan, Pepe Fernandezek idatzitakoa, familiaren laguna bera, eta Pepín Fernandezen semea. Errelatoan zioen, Santiago Erramuzpe Txaporrok, Alfonsoren koinatuak, hauxe kontatu ziola: Alfonso Etchenique eta Pepín Fernandez errepublikarren bandoan formatu ziren. 40ko hamarkadan, beraien arteko laguntasuna indartu egin zen, kolaboratu zutelako pilotu ingelesak salbu jartzeko, Aldudetik muga gaindituz. Ondoren, Elizondon ezkutatzen zituzten, poliziak herria asko kontrolatzen zuen garai batean. Eta nik gehitu nahi nuke, Rosak ez zekien datu bat: 1943ko urrian, bere aitak emakume belgikar bat hartu zuela Elizondon, Schepens anderea; eta baita bere bi seme-alabak ere, Claire bost urtekoa, eta Luc bi urtekoa. Gauez egin zuten ihes Aldudetik, bere gida klandestinoak lagunduta; eta Alfonsok bere aita-amaginarreben (Erramuzpetarren) hotelean eman zien ostatu».


EPABek gonbidatuta, 2017an bueltatu zen Claire bertara, 80 urterekin, bost urte zituenean eman zituen urrats haiek errepikatzera. Eta orduan, martxaren bukaeran Clairek esan zituen hitzak ere ekarri ditu gogora Joe Linehanek:


«Lagun agurgarriok, iritsi gara oroimenezko martxa honen bukaerara, eta antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, ekimen zoragarri honengatik. Bi egunez, omendu nahi izan ditugu nazismoaren kontra borroka egin zuten emakume eta gizon ausart haiek, askotan beraien bizitza arriskuan jarriz. Abertzale diskretu haiek ahalbidetu ziguten bakea eta askatasuna aurkitzea berriro. Ondo merezita daukate  argi izpi bat, ahanzturan ez galtzeko. Gure esker ona daukate betirako. Jarraitu dezagun Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko laguntasun harremanak lantzen».


Aurtengo ekimenean, Donostian egin zituzten azkeneko bi omenaldiak, martxa bukatuta, igandean bertan. Batetik, Aracama autoeskolan, omendu zituzten gaur egungo jabearen aiton-amo­nak: Antonia Sarasola eta Bernardo Aracama. Haiek, bere auto tailerra eta apartamentua erabiltzen zituzten, iheslarien sarretan logistikako operazioetarako estalki gisa, iheslariei etxe segurua eskaintzeko. Eta bestetik, Luis Lizarriturri omendu zuten, garai hartan izan zena Donostiako Belgikar Kontsulatuaren eta nazien aurkako erresistentziaren kidea.

Irailaren 25ean, ibilaldia Kataluniako Pirinioetan
Ekainaren 18-20ko asteburuak eman zuenari errepaso sakona eginda, beste hitzordu bat ere jarri du Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak. Izan ere, egun bateko ibilaldia antolatu du irailaren 25erako, Kataluniako Pirinioetan zehar.


Horri buruzko informazioa, webgunean zabalduko du elkarteak (www.bpftaww2.com) eta baita bere Twitter kontuan ere (bptfa). Informazio gehiagorako, emailez idatzi daiteke: basquefreedomtrailsww2@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!