Semifinalak gaurtik, bailarako 11 pelotarirekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 00:00

Xuban Goñi eta Xuban Iturbe (ezkerrean), final laurdena hasi aurretik.

Asteazkenean, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak lortu zuten pasea kadeteetan, eta Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal hernaniarrek jubeniletan. Gaurtik astelehenera jokatuko dira semifinalak.

Azken txanpan sartu da Zikuñaga Papelera Txapelketa, eta final laurdenetan 58 partidu jokatu ondoren, gaur hasiko dira semifinalak: 12 partidu, sei kategoria ezberdinetan banatuta.

Eta horietan, ordezkaritza zabala izango du Urumea bailarak. Izan ere, bertako 11 esku pelotari ariko dira, asteazkenean beste lau sailkatu ondoren: Xuban Iturbe hernaniarra eta Xuban Goñi astigartarra kadeteen bigarren mailan; eta Xabier Apa­olaza eta Anartz Oiartzabal ju­benilen lehenengo mailan.

Au­rretik, dagoeneko sailka­tuta zeuden beste zazpi herna­niar. Kadeteen lehenengo mailan, semifinaletan ariko dira Manex Martin eta Oier Alegria; Unax Manterola, Intzako Urdanpilletarekin; eta Julen Deskarga, Lapkeko Erauskinekin. Jubenilen bi­garren mailan, Jon Jara ariko da, Barañaingo Kañamaresekin batera. Eta nagusien bigarren mailan, finalerako pasea bilatuko dute Josu Altuna eta Mikel Lasa hernaniarrek.

Gaur jokatuko dira aurrene­ko semifinalak, Hernaniko ki­roldegiko frontoian; baina horietan ez da ariko bailarako esku pelotaririk. Larunbat goizean (11:00) jokatuko dute Jarak, Apaolazak eta Oiartzabalek; eta arratsaldean (16:30) Manterolak eta Deskargak. Igandean (10:00) ariko dira Altuna eta Lasa; eta astelehenean (18:00) Iturbe eta Goñi, eta Martin eta Alegria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!