«Inoiz ez bezalakoa da babesa, baina etxegabetzeek berdin jarraitzen dute»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 00:00

Astelehenean egin zuten elkarretaratzea, Hernaniko udaletxearen aurrean.

Etxegabetzeen kontrako moratoria luzatzea eskatu zioten Espainiako Gobernuari, astelehenean.

Elkarretaratzea deitu zuen Hernaniko Kaleratzeak Stop plataformak, astelehenean, Plazan. Eta bertan, Espainiako Gobernuari eskatu zioten, luzatu dezala etxegabetzeen kontrako mo­­ratoria, abuztuaren 9an bu­ka­tuko dena. Luzapen hori, Etxebizitza Eskubidearen Legea indarrean sartu bitartekoa izatea nahi dute, «bizitzak daudelako jokoan», aldarrikatu dutenez.

«Ukaezina da indarrean ja­rraituko dutela Gobernuak aben­duan onartutako familia ahulen etxegabetzeen aurkako babes mailek. PAHk (Hipotekak Kalte­tu­takoen Plataformak) bultzatutako salaketa eta borroka uga­riren ondoren, pertsona kalteberetako batzuk estaltzen dituzte horiek; 2021eko aurreneko hiruhilekoan 11.000 izan dira, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera», azaldu dute.

Baina zerbait huts egiten ari dela adierazi dute: «edo legediak huts egiten du, eta ezinbestekoa da hobetzea; edo epaileek baztertu egiten dute, eta salatu egin behar da. Neurri horiekin ia 11.000 etxegabetze gauzatu badira hiru hilabetetan, bi erantzunak dira zuzenak. Beraz, legedia zabaldu egin behar da hiru kasu murriztaileetatik harago, eta epaileek legea bete behar dute, haren inguruan dituzten jardunbideak bateratu behar dituzte, eta zalantzarik izanez gero, etxegabetzeari uko egin behar diote eta kaltetuei edo gizarte zerbitzuei falta zaien dokumentua eskatu behar diete. Noraino igoko litzateke kopurua, neurri horiek gabe?».

Egoera horretan, diote «okerrena etortzeke» dagoela oraindik: «dekretuaren babesarekin milaka etxegabetze gauzatu diren arren, beste milaka atzeratzea lortu da. Epaitegiek milaka prozedura amaitu dituzte, etxegabetzeak exekutatzeko babes hori kentzeko zain daudenak, eta dekretuak abuztuaren 9an iraungiko dira. Horrek, konponbiderik eman ezean, etxegabetzeen tsunamia eragingo du irailetik aurrera».

Horregatik, eta «duela gutxi bi suizidio eragin dituzten tragedia horiek saihesteko», eskatu diote moratoriaren luzapen mugagabea Gobernuari, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Estatu Legea indarrean sartu arte. «Luzapen horretan, debekatu egingo du bizitzeko aukera egokia eta duina ez duten pertsona eta familia zaurgarriak etxetik botatzea. Ezin dugu onartu baliabiderik ez dutenak beren etxeetatik kanporatzea, higiezinen burbuila eragin zutenek. Etxegabetzeak saihestu ditzagun, jabe haundiak behartuz alokairu sozialak egitera. Ez da ezinezkoa, borondate politikoa behar da», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!