Plaza Berriko koadro elektrikoak su hartu du, eta argirik gabe dago Kaxkoa

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 12:14

Sutea izan da Plaza Berri azpiko koadro elektrikoan, eta horren ondorioz, argirik gabe daude Kaxkoko etxebizitza eta komertzio gehienak. Sutea itzali dute, baina lanean ari dira suhiltzaileak oraindik.

Su hartu du Plaza Berri azpiko koadro elektrikoak, goizeko 11:15ak aldera; eta horren ondorioz, argirik gabe daude Kaxkoko etxebizitza, komertzio eta taberna gehienak, ordutik. Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, arratsaldeko 17:00ak aldera konponduta egotea espero dute.

Suhiltzaileak bertaratu dira, eta lortu dute sua itzaltzea. Une honetan, Iberdrolak argindarra guztiz mozteko zain daude, sutearen kausak eta eragindako kalteak aztertzeko, eta konponbidea emateko.

Gertaerak ikusmina sortu du herritarren artean, eta asko bildu dira Plaza Berri inguruan, suhiltzaileen lana bertatik bertara ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!