Lau filmeko zikloa eskainiko dute abuztuan Chillida Lekun, aire librean

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 00:00
Johnny Depp aktorea da protagonista, 'El fotógrafo de Minamata' filmean.

Abuztuaren 5etik 8ra izango da, eta jarriko dituzte 'El padre', 'Minari', 'El fotógrafo de Minamata' eta 'Pequeño país'.

Orain bi aste aurkeztu zuen Chillida Leku museoak, Singular Chillida Leku izeneko programazioa, uztailaren 29tik 31ra bitartean izango diren kontzertu eta emanaldi bereziekin. Eta oraingoan, horri segida emango dion egitasmoa aurkeztu du museo hernaniarrak: Zinema Gauak antolatu ditu abuztuaren hasierarako, A Contracorriente Filmsekin batera.

Zehazki, lau eguneko zikloa izango da, abuztuaren 5etik 8ra; eta lau pelikula eskainiko dituzte aire librean, Chillida Lekun bertan. Horrela, Florian Zeller zuzendariaren El padre filma jarriko dute hilaren 5ean; Lee Isaac Chungen Minari, historia de mi familia pelikula, 6an; Andrew Levitasek zuzendutako El fotógrafo de Minamata, 7an; eta azkenik, Eric Barbierren Pequeño país, hilaren 8an.

Iluntzeko 21:30etan hasiko dira pelikula guztiak, eta horietarako sarrera eskuratzen dutenek, museoa ordutegitik kanpo bisitatzeko aukera ere izango dute, 20:00etatik aurrera.

«Hala, partehartzaileek aukera izango dute eskulturen artean paseatu, eta horiek behatzeko eguneko une berezi horrek eskaintzen duen tonalitatearekin. Eta bisita amaitzeko, A Contracorriente Films produkzio etxeak hautatutako filmetako bat ikusiko dute», azaldu dute.

Chillida Lekuk hamakak eskainiko dizkie bisitariei, filmaz gozatu eta segurtasun tartea modu «eroso eta atsegin batez errespetatzeko». Lurra Café jate­txea ere zabalik egongo da, afal­tzeko edo bestelako kontsu­mi­­zioetarako. Egitasmoarekin, mu­seoak eskaini nahi du «modu berri bat Edu­ar­­do Chillidaren artelanez goza­tzeko», eskulturak ez ezik, bestelako kultur adierazpenei ere ateak zabalduz.

Sarrerak salgai, Chillida Leku museoaren webgunean

Pelikula guztietarako sarrerak, dagoeneko salgai daude internet bidez, museochillidaleku.com webgunean. 15 euro dira, emanaldi bakoitzerako sarrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!