Harrotzen talde feminista aurkeztuko dute ostiralean, «hainbat behar eta kezkak bultzatuta» sortu dutena

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 00:00
Harrotzen talde feministaren logoa.

Tilosetako eskaileretan egingo dute aurkezpena, arratsaldeko 19:00etan hasita. «Neskak* gara, feministak eta gazteak», aurreratu dute.

Harrotzen talde feminista sortu berri dute Hernanin, eta jendaurrean aurkezteko, hitzordua jarri dute ostiral honetarako. Tilosetako eskaileretan egingo dute aurkezpen ekitaldia, arratsal­de­ko 19:00etan hasita.

Etzidamu emango dituzte xehetasunak, baina taldearen aurrerapen bat egin du Harrotzenek, nor diren aditzera emanez: «Neskak* gara! Feministak eta gazteak. Zapalkuntza ugarik zeharkatzen dituzte gure gorputzak... Baina indarra ere bagara. Errebeldia gara, erritmo bizia gara. Kritika eta borrokarako grina gara. Aurrera goaz, aurrera pausoka. Bidean egingo gara, bideak egingo gaitu!», diote.

Twitter sare sozialean badauka presentzia Harrotzenek, dagoeneko, Harrotzen Gazte Feministak ize­narekin. Bertan, na­barmendu dute «Hernani feministago bat» lortzera datozela: «hainbat behar eta kezkak bultzatuta batu gara, eta Harrotzen sarea sortu dugu, Hernaniko neska* gazte batzuen artean». Taldearen logoa ere zabaldu dute bertan; ondoko irudian ikusi daitekeena, hain justu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!