Elkarretaratzea gaur, kaleratzeen aurkako moratoria luzatzea exijitzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 10:03

Deialdia egin du Hernaniko Kaleratzeak Stop plataformak, arratsaldeko 19:00etan Plazan; eta herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratzeko.

Kontzentrazioa deitu du Hernaniko Kaleratzeak Stop plataformak, gaur arratsalderako, estatu osoko PAHekin (hipotekak kaltetutakoen plataformak) koordinatuta. Plazan izango da, Hernaniko udaletxearen aurrean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratzeko.

Elkarretaratzean, Espainiako Gobernuari exijituko diote, luzatu dezala kaleratzeen aurkako moratoria, abuztuaren 9an bukatuko dena. Izan ere, plataformak jakinarazi du «26.000 kaleratzeren tsunamiaren erantzule» izango dela Gobernua, moratoria luzatu ezean.

Estatu mailan, beste udalerri askotan izango dira horrelako kontzentrazioak gaur; eta horietan, abuztuaren 9tik aurrera kaleratu ditzaketen familiak ere hartuko dute parte, babesa erakutsi dieten herritarrekin batera. «Pedro Sanchezek entzutea nahi dugu, herritartasunaren alde legeak egin ditzan. Ezin dugu heriotza gehiagorik ordaindu! Salbuespenezko neurriak luzatzea exijitzen dugu orain», adierazi dute.

Gogorarazi dute, aurreneko aldiz ezarri dela kaleratzeen aurkako moratoria: «badakigu neurri hori ez dela nahikoa, baina hainbat kaleratze geldiaraztea lortu du, behintzat. Horregatik, uste dugu momentua dela dekretu hori hobetzeko, etxe bat izateko eskubidea bermatuko duten behin betiko neurriak ezarriko dituen lege bat izan arte», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!