Ohorezko B Mailak formatua aldatuko du datorren denboraldian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 00:00

Errugbi denboraldian aldaketak egongo dira.

Lehenengo itzulia amaituta Elite multzo bat sortuko da bederatzi talde onenekin.

Espainiako Errugbi Federazioak datorren denboraldirako hainbat aldaketa onartu ditu eta Hernani lehiatzen den Ohoezko B Mailan izan dira aldaketarik nabarmenenak. Orain arte bezala, 36 taldek lehiatuko dutira hiru multzotan banatuta ohiko irizpide geografikoen arabera, baina lehen itzuliaren amaieran, lau taldetan banatuko da maila. Ondoren, Elite multzoan egongo diren  bederatzi taldeek bakarrik izango dute Ohorezko Mailara igotzeko aukera. Egutegiaren zozketa ostegunean egingo da.

Liga erregularrak 19 jardunaldi izango ditu
Lehenengo 11 jardunaldiek (hasierako multzoa itzuli batera) ez dute inongo aldaketarik izango. Taldea multzo bereko talde guztien aurka ariko da itzuli batera, Hernani CRE A multzoan dago.


Bigarren itzulia jokatzeko multzo bat gehiago sortuko da, Elite multzoa. Multzo hori A, B eta C multzoetako lehenengo hiru taldeek osatuko dute. Beraz, bederatzi taldek osatuko dute eta zortzi jardunaldi gehiago jokatuko dituzte, fase erregularreko 19 partiduak osatuz. Elite multzo honetako lehenengo lau sailkatuak sailkatuko dira igoera fasea jokatzera. Gainontzeko 27 taldeak, hiru multzotan banatuta, mailari eusteko jokatuko dute.


Elite multzoan ariko diren taldeak 0 punturekin hasiko dute bigarren itzulia, baina talde horretara pasatzen ez diren taldeei puntuazioa mantenduko zaie. Talde guztiek etxean zein kanpoan partida berdintsuak jokatzea saiatuko dira bigarren zozketan.

Igoerako fasean bi kanporaketa jokatuko dira partida bikoitzera
Elite multzoko lehenengo lau sailkatuak jokatuko dute igoera fasea. Hasieran finalerdiak jokatuko dira partidu bikoitzera. Lehenengo sailkatua, laugarrenaren aurka ariko da eta bigarren sailkatua, hirugarrenaren kontra.   Itzulerako partida beti hoberen sailkatuaren etxean izango da.


Ondoren finalerdietako irabazleen artean finala jokatuko da, hau ere partidu bikoitzera. Play offa irabazten duen taldea zuzenean igoko da Ohorezko Mailara eta finala galtzen duen taldeak Promozioa jokauko du Ohorezko Mailako azken aurreko sailatuaren aurka.

23 urtez azpiko Estatuko Liga jokatuko du Hernanik
Bigarren aldaketa, eta seguruenik Hernanirentzat garrantzitsuena, 23 urtez azpiko Estatuko Txapelketan etorriko da. Talde gipuzkoarrak bideratutako proposamena aurrera atera zen gehiengo absolutuarekin eta hortaz, Ohorezko B Mailan dauden taldeen 23 urtez azpiko taldeak 23 urtez azpiko Liga Nazionalean parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, Hernanik dagoeneko izen eman du datorren denboraldian maila horretan jokatzeko. Izena emateko epea amaitu ondoren 20 partaideren kupoa gainditzen ez bada, bi talde orekatutan banatuta geratuko dira. Kupo hori hogeitik gorakoa izango balitz, 3 talde osatuko lirateke. Egutegia eta formatua batzorde delegatuak egingo ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!